Sasoiko loreak, iratzeak, kaktusak, landare txikiak, lorezaintzako lanabesak, egurra eta loreak uztartzen dituzten produktuak, lore naturalez eginiko bitxiak, baserri tresnak, produktu ekologikoak eta produktu fitosanitarioak egongo dira salgai, besteak beste. Lehen aldiz, herritarrek kontsigna batean utzi ahalko dituzte erosketak, eguna lasai aprobetxatzeko. Erabiltzaile horien artean, gainera, bi lagunentzako bazkari bat -herriko jatetxe bat aukeratuta- zozketatuko dute.
Bestalde, eskualdeko hiru baserritarren eskutik gazta, txakolina, sagardoa, ogia eta pastelak dastatu ahalko dira.
Odriozolaren berbaldia
Azokara joango diren zaleei begira, informatzeko aukera emango dute antolatzaileek. Hernaniko Karabeleko etxaldeko Amaia Odriozola nekazariaren berbaldia egongo da 11:00etan, eta orturako aholkuak ere emango ditu. Karabeleko etxalde esperimental bat da, nekazaritza ekologikoaren bidez errehabilitazio psikosoziala lantzen duena.