Santa Ana komentuaren eta Txintxirri Ikastolaren arteko kantoia oinezkoei zabaltzeko lanak hilaren 22an hasiko dituzte

Anboto 2024ko api. 21a, 10:37

Azken ia 100 urteetan itxita egon ostean, Santa Ana komentuaren eta Txintxirri ikastolaren arteko kantoia oinezkoei zabalduko zaie ostera. Apirilaren 22an hasiko dituzte lanak. Kantoia herritarrei irekitzeaz gainera, arrapala eta eskailera paraleloaren bidez oinezkoentzako pasealekua egitea, Elizburu kaleko pasabide garaia hobtzea eta Goieta kaleko azken kotak Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren urbanizazio proposamenera egokitzea dira. 

Kantoi hori iraganean Elizburu eta Goieta kaleen artetik igarotzeko zen, eta Elorrioko Udalaren arabera ia ehun urtez egon da itxita. "Oinezkoen pasabiderako sarbidea arautzeko beharra dela eta, hainbat jarduketa osagarri egitea aurreikusten da eremutik kanpo. Elizburu kalean, oinezkoentzako egungo pasabide jasoa kenduko da, Ikastolako eta komentuko espaloiek oso zabalera txikia dutelako. Horrekin batera, kalexkaren aurrean oinezkoentzako pasabide berri bat egingo da", azaldu du udalak ohar baten bidez. 

Gizarte arloko diru laguntzak 

Bestalde, Elorrioko Udalak hiru dirulaguntza berri onartu berri ditu. Nagusi Aktiboen Jantoki programara bideratutako diru laguntzak, seme-alaben jaiotzarekin edo adopzioarekin lotura dutenak, eta herrien arteko lankidetza jardueretara bideratutakoak onartu dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!