Elorrioko boteretze ikastaroak aurkeztu dituzte

Anboto 2024ko api. 10a, 11:30

Elorrioko Udaleko Berdintasun sailak martxan jarri du emakumeen boteretzerako ikastaro sorta. Apirilean hasi eta ekainera arte luzatuko dira. Lau ikastaro eskainiko dituzte, eta egitarau osoa eta izen emate epeak udalaren webgunean eta udalak etxez etxe banatuko duen liburuxkan azalduta datoz. 

Apirilaren 16an menpekotasuna duten pertsonak zaintzen lan egiten duten emakume migratuentzako 'Zaintza barik bizitzarik ez' hasiko da; hamar saio izango dira guztira. Bestalde, apirilaren 24tik aurrera 'Ekofeminismoa eta sukaldaritza kontziente ereiten' izeneko ikastaroa hasiko da; zortzi saio izango dira kasu honetan. Bestalde, 9-11 bitarteko umeentzako 'Hilekoaz gain, nire gorputzeko aldaketak' ikastaroa eskainiko du Saioa Hernández psikologo eta sexologoak. Laugarren saioa zoru pelbikoaren ezagutzan eta indartzean oinarrituko da; Aida Garcia fisioterapeutak eta Saioa Hernandez psikologo eta sexologoak zazpi saio eskainiko dituzte, maiatzaren 16tik hasita. 

Horrez gainera, Berdintasunaren V. Planaren diseinua ere martxan jarriko du Elorrioko Udalak; apirilaren 16an eta maiatzaren 21ean emakumeen arteko topaketak egingo dituzte; maiatzaren 25ean txango feminista antolatu dute Bilbora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!