Herrira bizitzen datozen pertsonentzat harrera taldea sortuko dute Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2017ko mai. 8a, 14:00

Elorriora bizitzera datozen atzerritarrentzat aniztasun programa martxan jarri du Elorrioko Udalak. Egun Elorrion 371 atzerritar daude, eta beraiei merezi duten arreta bermatzeko sortutako programa dela adierazi du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

Boliviatik, senagaletik, indiatik... datozen pertsonei herriko hizkuntza, ohitura eta kulturaren berri emateko Ongi etorri Elorriora liburua aurkeztu dute. "Aspalditik egosten egon den proiektua da hau. Programa honi esker Elorriora datozen pertsonek administrazioarekin eta udalarekin harreman estuago bat izango dute", adierazi du Txus Arrieta zinegotziak. Bestalde, Elorriora etorri diren eta prentsaurrekoan batu diren pertsonek adierazi dute orain erreminta on bat daukatela herrian zer gauza dauden jakiteko.

Ongi Etorri Elorriora liburuaz gain, udala harrera protokolo bat martxan jartzen hasi da. Arrietak jakitera eman duenez, hemendik aurrera udalak ondorengo bide hau jarraituko du: "Lehenik eta behin, erroldatzera datozen herritarrei baliabide gida emango zaie, eta ondoren, azken bi hilabeteetan Elorriora etorritako pertsonei harrera egin eta zalantzak argituko dizkiegu bai udal zinegotzi eta zein teknikariek".

Bestalde, zinegotziak jakitera eman du aniztasuna Elorrion nola bizi den jakiteko diagnostiko bat egiten ari direla, eta hori burututakoan harrera taldea osatuko dutela. Harrera taldearen helburua Elorriora bizitzera datozen pertsonen bidelagun izatea izango dela esan du Txus Arrietak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!