Alberto Leanizbarrutiaren izena du Elorrioko martxa berriak

Joseba Derteano 2017ko api. 25a, 13:23

ONCE taldean ibili zen 1993tik 1998ra. (Argazkia: wikipedia)

Elorrio Txirrindulari elkarteak antolatuko du maiatzaren 1eko astelehenean.

Elorrio Txirrindulari Elkarteak errepideko martxa zikloturista bat antolatuko du lehenengoz astelehenean. ‘Alberto Leanizbarrutia Martxa’ izena jarri diote. “Profesionaletan ibilbide luzea izan zuen eta oso pertsona estimatu da herrian”, azaldu du elkarteko kide Txema Mairenak.

Leanizbarrutia (Elorrio, 1963) 13 urtez izan zen profesionala hainbat taldetan (ONCEn, besteak beste). Luxuzko gregarioa izateaz gainera, garaipen batzuk ere lortu zituen.

Asteleheneko martxa 08:30ean hasiko da Elorrioko plaza nagusitik. Leanizbarrutia bera irteera puntuan egongo da martxari hasiera emateko.  Izen-ematea egunean bertan egin daiteke. Federatuentzako 15 euro da eta federatu gabekoentzako 25 euro. Apuntatu direnen artean hainbat opari zotz egingo dituzte bukaeran, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Urkiola eta Angiozar gainak
Martxa berriak 96 kilometro izango ditu. Hasi eta berehala  Urkiola igoko dute. Angiozar gainetik ere igaroko dira azken txanpan, Elorrion helmugaratu aurretik.

Ibilbidea IKUSTEKO

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!