Ipuin kontalarien gaua izango da biharkoa, Arriola antzokian

Itsaso Esteban 2017ko api. 20a, 12:30

Argazkia: Emakumeeskeletoak

22:00etan hasiko da, bihar, ipuin kontalarien emanaldia, Elorrioko Arriolan. Bi saio izango dira entzungai.

Maite Arrese kontalariak eta Mau Ziemkiewicz biolinistak Amodiozko ipuinak eskainiko dituzte, batetik. Maitasun mota desberdinak islatzen dituzten lau ipuin kontatuko dituzte, hitza, doinu ezagunak eta musika inprobisatua baliatuz.

Dorleta Kortazar ere gonbidatu dute Elorrioko antzokiko biharko ipuinen gauan parte hartzera. Berba kateatuak izenburuko saioa eskainiko du Kortazarrek Arriolan. Behinola berari gertatu zitzaion bezala, kontatuko dituen istorioen magiak entzuleak ere harrapatu ditzan jardungo da Kortazar. Kontalariaren berbetan, “isildu ditugun berbak, isilarazi dizkigutenak; lapurtu dizkigutenak, berreskuratu ditugunak; erosi ditugun berbak, oparitu dizkigutenak; bihotzean katramilatu zaizkigun berbak, ihesean joan direnak” kontatuko ditu biharko emanaldian, Elorrion.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!