Zapatuan egingo dute Arriolak eta Logela Multimediak antolaturiko Break On Stage

Itsaso Esteban 2017ko mar. 23a, 17:00

Elorrioko Arriola antzokiak eta Logela Multimedia taldeak antolatzen duten Break On Stage kale kulturen jaialdiaren hamazazpigarren edizioa ospatuko dute, zapatuan, Bilbon. Bilbao Arenan izango da hitzordua, 18:45ean, eta kale kulturen askotariko adierazpenetan diharduten 100 artista bilduko dira jaialdi horretan. Iaz, 5.000 lagunek gozatu zuten ikuskizunaz.

Europako break dance talderik onenak lehiatuko dira Bilbao Arenan, eta, horrez gainera, kale kulturako askotariko ikuskizunen erakustaldiak ere izango dira. Aurten, Bmx Big Air saiorako, arrapala erraldoi bat atonduko dute Bilbao Arenan, eta baita parkour erakustaldietarako zirkuitu bat ere. Bost euskaldunek parte hartuko dute parkour erakustaldian. Tartean, baita Rush elorriarrak ere.

Europan break dance arloko talderik ezagunenetariko batzuk lehiatuko dira 2017ko Break On Stagen: Fantastic Armada, Flavor Kingz, Team Versus eta Feel The Sound.

Bestalde, urban dance lehiaketaren finala ere burutuko dute, martxoaren 25eko Bilboko jaialdian. Aretxabaletan eta Elorrion jokatu zituzten saioetan sailkatu ziren Hop Family, Legacy Breath, The Jungle, Dale Al Play eta Bamboo taldeek dantzatuko dira saio horretan.

Bilbao Arenako ateak 18:00etan zabalduko dituzte, eta 19:00etan hasiko da aurtengo Break On Stage. Sari banaketa 20:30ean egingo dute, eta Ayax & Prok taldeak joko du, ondoren. Rapa egiten dute Granadako Ayax eta Prok anaiek, eta Blasfem DJak lagunduta jardungo dira Bilbon.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!