“Uste dugu etorkizunera begiratzea ezinbestekoa dela, baina, ezin gara iraganaz ahaztu. Beraz, Luis Madina elorriarrak duen argazki bildumari eta herriko talde batek hasitako bideari bultzada eman gura diogu”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.
“Bonbardaketaren inguruan herrian ezer gutxi egin dela jakinda, herritar batzuk lanketa bat egiten hasi ginen” esan du Jesus Aristegi herritarrak, eta udalaren laguntzari esker egitarau oparo bat antolatzea lortu dutela nabarmendu du.
Duela 80 urte Elorrion zein Durangaldean bizi zutena gogoratzeko, martxoaren 28an, Jon Ander Ramos EHUko irakasleak Zerutik i(z)ua dator... Durangaldea bonbapean hitzaldia emango du , 19:00etan, Iturri Kultur Etxean. “Durangaldean garai hartan bizi zutenaren inguruan jardungo gara”, jakitera eman du historialariak.
Bestalde, martxoaren 31an, Jon Ander Ramosek, Elorrioko bonbardaketaren ondarrak bisita gidatua eskainiko du. Ramosek adierazi du martxoaren 31an, euskarazko bi bisita eta gaztelaniazko bat egingo direla, eta “bisita gidatu hauen helburu nagusia jendeari egun horretan elorriarrek paraitau zutenaren berri ematea da”. Horrez gain, bisitara hurbiltzen den jendearen ekarpenak eskertuko dituztela adierazi du Ramosek, “gertatutakoa denon artean eraiki dezakegu-eta”. Martxoaren 31 arratsaldeko bisita gidatuez gain, goiz horretan herriko ikastetxeekin ere bisita gidatuak egingo dituztela jakitera eman du alkateak.
Bisita gidatuen ostean, 20:00etan, herriko plazan oroimenerako ekitaldia egingo dutela jakitera eman du Iñaki Larrañaga herritarrak, eta bertan, omenaldi poetiko-musikal bat egingo dutela, beste hainbat gauzen artean.