Emakumezkoen aniztasuna islatzen dute Patxi Granadoren Ezberdinak erakusketako erretratuek. Adin, sexu, genero, jatorri, erlijio, ideologia... anitzeko Elorrioko emakumeen zuri-beltzeko 34 erretratu daude erakusketan. Konposizio berbera baliatu du Granadok argazki guztiak egiteko: emakumeen plano hurbilak, atzealde beltzean. Protagonista bakoitzaren irudiak eta begiradak bereizten dute argazki bakoitza, eta agertzen dute aniztasuna.
Erretratuokin batera, Arantxa Arruabarrena, Cinta Altes, Debora Crespo, Maite Salsamendi, Marta Ortiz de Zarate, Nieves Medela, Rita Ugarriza, Maite Zubia, Kristina Balenziaga eta Mari Carmen Kortabarriaren artelanak daude ikusgai Iturri kultur etxean.