Felipe Orts: “Euskadin etorkizunera begira lan oso ona egiten ari dira”

Joseba Derteano 2016ko abe. 7a, 09:29

Felipe Orts (Valentzia, 1995) ziklo-kroseko promesa handienetakoa da. Espainiako txapeldunak seigarren amaitu du munduko txapelketa. Kopan jaun eta jabe da 23 urtez azpiko mailan eta elitekoa ere irabazteko aukerak ditu. Iaz Elorrioko proba irabazi zuen eta aurten ere faborito nagusienetakoa da.

Zer deritzozu Elorrioko zirkuituari?
Euskadin eta lokatzezko zirkuituetan valentziar bat lehiatzen ikusteak arraroa ematen du, baina nire ibilbidean lokatzetan irabazitako lehen proba Elorrioko izan zen iaz. Zirkuitu hau beti asko gustatu izan zait. Teknikako eta indarreko tarteak oso ondo uztartzen ditu eta horixe da hain zuzen ziklo kroseko zirkuitu batek behar duena.

Zer iruditzen zaizkizu aldaketak?
Oraindik ez ditut ikusi, baina ona natorren bakoitzean hobekuntzak egiten dituzte. Europa iparraldeko zirkuituen antza handia du eta hori ondo dator teknika entrenatzeko.

Aldapadun hareatzako tarteak ohikoak dira estatu mailako zirkuituetan?
Ez, ez dira ohikoak. Ikusi izan ditudanetan ez dute Europa iparraldekoen antzik. Elorrion gertutik ezagutzen dute zelakoak diren eta seguru nago hangoen antzerakoa izango dena. Beste nobedade bat enborrena da. Tabloiak oso gutxik saltatzen ditu, normalean bizikletatik jaisten dira. Enborrak saltatzeko gehiago animatzen dira.

Oraindino koska bat falta zaio, baina Jon Munitxa etorkizuneko arerio ikusten duzu?
Bai. Euskadiko federazioa lan handia egiten ari da Jon Munitxa eta beste txirrindulari gazte askori nazioartean lehiatzeko aukera eskaintzeko. Horrelakoetan asko ikasten da. Valentzian ez da hain ohikoa. Euskadin etorkizunera begirako lan ona egiten ari direla uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!