Udaltzain lanpostu bi jabetzan betetzeko oposaketa, Elorrion

Anboto 2016ko abu. 7a, 10:09

Elorrioko Udalak Lanpostu Eskaintza Publikoa (LEP) argitaratu du bi udaltzain postuetarako. C2 sailkapen taldean dauden plaza horiek betetzeko irizpideak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) daude dagoeneko.

Lanpostu publikoak egonkortzeko bidean pausu bat ematen du honela Elorrioko Udaletxeak. Oposizio lehiaketa bidez egingo den hautaketak hainbat fase izango ditu, nahiz eta oraindik ez den egutegia zehaztu. Hala ere, zabalik dago izena emateko epea. 

Eskaera egin ahal izateko, hurrengo betebeharrak onartu beharko dira: 18 urte beterik izatea, bigarren hezkuntzan graduatua izatea, eskola-graduatua izatea, lehen mailako lanbide heziketako titulua edo parekoa izatea, gizonezkoetan gutxieneko garaiera 1,65 zentimetrokoa izatea eta emakumezkoetan 1,60 zentimetrokoa izatea. Horrez gain, Euskal Herriko Autonomi Erkidegoko Polizia hautatu eta prestatzeko Araudia moldatu eta onetsitako otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuaren eranskinean azaltzen diren medikuntza-arloko arrazoi baztertzaileen koadroan sartuta ez egotea ere baldintza izango da.

Fase ezberdinak

Gainera, instantzia aurkezten den egunean B mailako ibilgailuak gidatzeko baimena edo baliokidea izatea, doluzko delituagatik zigorrik jaso ez izana, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko poliziaren bateko kide izateko hautaketa-prozesuren batetik baztertua ez izana eta Bigarren Hizkuntza Eskakizunaren ziurtagiria izatea edo hautapen prozesuak irauten duen bitartean deitu eta egingo den euskara azterketa gainditzea ere beharrezkoa izango da. 

Oposizio aldiari dagokionez, lehenengo proba teorikoa izango da, eta bigarrena fisikoa. Hirugarren proba ezaguera praktikoei dagokiena izango da. Laugarrena, berriz, test psikoteknikoak. Bukatzeko, bosgarrena, euskarari dagokiona izango da.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!