Hiru antzezlan laburrentzat oholtza bilakatuko dute Casajara, domekan

Anboto 2016ko uzt. 22a, 11:30

Muerte Súbita antzezlana eskainiko dute Sonia Villamorrek eta Mercedes Lur bere kideak, domeka honetan, Musikaire jaialdiaren barruan. Casajara jauregian izango da emanaldia, 19:00etan. Beste antzezlan labur bi ere izango dira ikusgai egun horretan Elorrion: I’m a real artist eta Off the Record.

Elorrion bizi den bilbotarra da Sonia Villamor, eta Durangaldeko artistekin hainbat elkarlanetan jardun izan da: ardo dastaketa artistikoetan kolaboratzen du, esaterako, Peru Magdalena, Gotzon Garaizabal eta Mikel Garaizabalegaz. Villamorrek azaldu dio ANBOTOri domekako antzerki proposamenaren berri.

Hiru antzerki obra laburren emanaldia izango da, beraz, etzikoa, Casajara jauregikoa. Villamorrek eta Lurrek antzeztuko duten Muerte súbita lanak, esaterako, 15 minutuko iraupena du. “Antzerkia espazio berrietan eskaintzea, eta iraupen laburragoko istorioak kontatzea da apustua”, dio Villamorrek, “antzerkira jende gehiago erakartzeko formularen bila esperimentatzen gabiltza”.

Yolanda Garcia Serrano mardrildarraren testua da Muerte Súbita antzezlanaren oinarria, eta tenislari biren papera jokatzen dute Villamor eta Lur aktoreek. “Jolasean dabiltzan bi emakume gara, eta askatasunaren ingurukoa da obraren mezua”, dio antzezleak.

Oholtza gainean aktore lanetan ez eze, antzerki zuzendari rolean ere ibilitakoa da Sonia Villamor. Iaz, esaterako, Planteamiento, nudo y desenlace proiektuaren barruko antzezlan laburretako bat zuzendu zuen, Bilboko Pabellón 6 gunean.

Abuztu amaieran film labur batean antzezle arituko dela aurreratu du Villamorrek. Arriolako 24 Ordu Digitalean lehiaketan ezagutu zituen kideekin film labur bat grabatzea du epe laburreko asmoetako bat.

Bost kontzertu gehiago

Domekako antzerki emanaldiaz gain, beste bost kultur emanaldi ere eskainiko ditu, oraindik, Elorrioko Musikaire jaialdiak. Kasu honetan, musikaren arlokoak dira datozen emanaldi guztiak: gaur, cumbia elektronikoa La Yegros-en eskutik; bihar, Audience gernikarrak; eta datorren asteburuan, Quimi Portet, Izaki Gardenak eta Greg Izor & The Romanticos.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!