Kantu afaria antolatu du Ebalixu taldeak

Anboto 2016ko mai. 25a, 12:42

Ebalixu euskararen aldeko taldeak kantu afaria antolatu du datorren barikurako, maiatzaren 27rako. Herriko plazan egingo da ekitaldia, eta bertan parte hartu ahal izateko txartelak Parran eta Portalekuan ipiniko dituzte salgai, 8 eurotan.

Bigarren edizioa izango da. “Iaz afari gozoagaz eta kantu giroagaz gozatzeko aukera eduki genuen, eta errepikatzeko ordua heldu zaigu”, esan dute Ebalixuko kideek. 19:00etan ipini dute elkartzeko hitzordua, Parra tabernan.

Erabileraz kezkatuta
Iaz sortu zuten Ebalixu, Elorrioko gazteen artean euskararen erabilera indartzeko helburuz. Izan ere, erabileraren datuekin kezkatuta zeuden lagun horiek; 2013an egindako ikerketa bateko datuen arabera, Elorrioko gazteen %94 euskaraz berba egiteko kapaz dira, baina euren arteko elkarrizketen %76 gaztelaniaz izaten dira kalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!