'Umea osotasunean bizi da, ez du arrazoirik behar ondo egoteko; esentzian ume hori gara'

Anboto 2016ko mar. 6a, 10:00

Umeekin dugun harremana aitzakia moduan hartuta, norberaren burua zaintzea oinarri duen CAI (Cuidado del Alma Infantil) bizi ikuskera lantzen du Bizipoza elkarteak. Hasiberria da elkartea eta Elorrion dute egoitza.

Nola sortutako elkartea da Bizipoza? Nola elkartu zineten?
Ianire Jaio.: CAI bizi ikuskerako maisua den Cristobal Gutierrez  ezagutu genuenean hasi zen dena. Sei urte dira ezagutu nuela, eta bost urte Bartzelonatik Elorriora topaketa batzuk egitera etorri zela; hilean behin etortzen da. Hala ere, ikasitakoa egunerokotasunera eraman, eta oinarri bat emateko hiru lagun batu izan gara etxean. Duela hiru urte hasi ginen, maisua egon ez arren, beragaz ikasitakoa gure artean zaindu eta sakontzeko; forma emateko. Dena den, CAIan daudenei eta gura duenari zabaltzeko gogoa izan dugu. CAI bizi ikuskera hau denon artean partekatzeko. Horretarako sortu du elkartea.

Zertan oinarritzen da CAIa?
I.J.: Zaintzeaz arduratzen gara CAI bizi ikuskeran. Gu geu zaintzeaz, gure bizitza, lehenengo eta behin. Horretarako, umea hartzen dugu aitzakia moduan: gureak, ingurukoak... haiek zaindu gura ditugu, baina aurretik, gure burua zaindu behar dugu. Zergatik umea? Umea unerik onenean bizi da. Ez du arrazoirik behar ondo egoteko. Ondo dago. Esentzian ume hori gara gu, Cristobal Gutierrezek dioen lez. Hartara, CAI bizi ikuskera honek gure bizitzako askotariko mailatan zainketa bat egitera eramaten gaitu; maila guztiok begiratzera, arlo guztiotan nola gauden ikusteko. Gero, ahalik eta erarik alaienean, bakean egonda, umea zaintzeko.

Bizitzeko ikuspegi hori zabaltzea duzue helburu?
I.J.: Hau guztia geure artean zaintzeko sortu zen elkartea. Dakiguna geure artean zaintzen joateko. Hortik abiatuta, inork hau ezagutzeko edo ezagutarazteko gogoa badu, elkartera etor daiteke. Zaintza eta ongizatea ditugu helburu, eta horren haritik antolatzen ditugu ekitaldiak. Etorri gura duena jar dadila gurekin harremanetan: bizipoza.elkartea@gmail.com

Lehenengo hitzaldia izan duzue, asteon. Txertoa bai ala ez?
Edurne Zenitagoia: Elkartean ezagutzen dugun homeopata da Hannah Bruderer. Txertoaren eta sukarraren inguruan ematen ditu berbaldiak, eta hitzaldia emateko aukera eskaini genion hemen. Eta geure artean izan dugu.  Erabaki oso pertsonala da txertoa ematea edo ez, baina, informazioa eskaini gura da.
I.J.: Txertoak badu CAI bizi ikuskeragaz halako lotura: txertoa gehiegizko interbentzio lez ikusten du. Ez dugu hori segurtasun osoz baieztatzeko ezagutzarik, baina, irakurri eta jaso dugunagatik, gure intuizioak horri jarraitzen dio. Gure umeei ez diegu txertoa jarri; jakin badakigu txertoa jartzeak badituela bere ondorioak: zenbateraino da onuragarria jartzea? Zenbateraino ez? Gogoeta egitea proposatzen dugu. Gero, bakoitza libre da txertoa jartzeko edo ez. Gutxienez, informazioa eskaini gura diegu herritarrei.

Beste ekintzarik antolatzea aurreikusi duzue?
I.J: 21 egun kexarik gabe. Proposamen hori luzatzen duen Donostiako terapeuta bat ekarri gura dugu. Zama arintzea da kontua, eta ikustea zerk egiten digun on. Ez gara jabetzen, baina, egunean hainbat bider kexatzen gara. Eta, ardura kanpoan dago beti. Oso pobre egiten gaitu horrek; harremanak oso mesfidantzazkoak bihurtzen dira... errudunik ez dagoela uste dugu. Biren artekoak dira harremanak, biok egiten dugu hartu-eman hori: ez dago errudun bat eta errugabe bat; bi arduradun daude, bakoitza bere arduragaz. Horri ematen diogu garrantzia.
E.Z.: Kexatzeak ez zaitu inora eramaten. Zergatik kexatzen zara? Zergatik zaude egoera horren barruan? Zure ardura ere hor dago. Beste era batera eraman zenezake egoera, edo alde batera utz zenezake. Gustura ez bazaude, aldendu egoera horretatik, ezta? “Uretan itotzen ari denak, kexatzen ari denak, ezin du igeri egin”, dio Cristobal Gutierrezek ere. Uneoro kexatzen ari bazara, ez duzu zure energia beste zerbaitetan metatzen.

Umearen zaintzagaz lotuta, beste egiteko modu bat dagoela uste duzue?
I.J:  Kontua ez da beste egiteko modu bat defendatzea edo inposatzea, hobea delakoan. Dagoena onartu, eta, hortik abiatuta, umearen eta nire arteko harremanean hobeto nola egon gaitezkeen da helburua. Baina, horrek ez du esan gura hori bestea baino hobea denik. Ez da metodo kontua. Ezin daiteke hobeto edo okerrago zaindu; zaindu egiten dugu, edo ez dugu zaintzen. Hausnarketa horretara eramaten gaitu Cristobal Gutierrezek. Ala metodo batean murgilduta gaude hoberena dela esan digutelako, eta horregatik ez gaude umeagaz? Non gaude?

Katalunian lehenengo eskola libreak sortu zituen Gutierrezek. Nola ikusten duzue gai hau?
I.J.: Eskola libre asko daude, eta hauek ere badituzte gabeziak. Beldurrak, aurreiritziak, itxaropenak, presioa... pisu hori guztia kendu duen helduak zaindu beharko luke umea. Horixe da Gutierrezek defendatzen duena. Eta eskola libreetan ere, konturatu gabe, hori guztia islatu dezakete helduek umeengan.
E.Z: CAI bizi ikuskera ez da hartzea, min ematen digun hori guztia gainetik kentzea baino.

Dugun hezkuntza sistemak hori guztia trabatzen du?
I.J.: Inposatuta dagoen sistema da. Gauzak beste era batera egin daitezkeela uste duten irakasleak dauden arren, gela baten barruan oso mugatuta daude. Erritmo batzuk jarraitu behar dituzte, eta horrek jan egiten du umearen eta irakaslearen arteko harremana. Irakasleek presio handia dute, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Gainera, intentzioak ez dira nahikoa, horrek betetzeko baliabideak beharrezkoak dira. Eskola batetik bestera, gauzak aldatu daitezke, baina, sistema dena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!