Elorrioko Jazz Blues jaialdian joko du Mikel Nuñezen Orbital taldeak

Anboto 2015ko aza. 11a, 18:00

Zuzeneko zazpi musika emanaldi biltzen dituen egitaraua dakar Elorrioko XXVI. Jazz Blues jaialdiak, asteburu honetarako eta hurrengorako. A Groovin’ Affair taldearen musikak zabalduko du, eguenean, jaialdia, eta barikuan eta zapatuan ere izango da kontzerturik. Khalif Wailin Walter Chicagoko gitarrista, musikari laukoteak lagunduta ariko da, zapatuan, 22:30ean hasita. Barikuan, Mikel Nuñez pianista durangarraren Orbital taldeak joko du.

Euskal Herriko Goi Mailako kontserbatorioan, Musikenen, 2014an sortutako proiektua da Orbital. Karrera amaierako proiekturako, azken azterketako kontzerturako elkartu ziren taldekideak. Donostiako Jazzaldiko bertako taldeentzako lehiaketan parte hartzeko asmoa ere bazuten taldea sortzerakoan, baina Mikel Nuñez taldekide durangarrak gogoratu duenez, galerna baten eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten Jazzaldiko kontzertu hura.

Rockagaz eta bluesagaz fusionatuta

“Rockagaz eta bluesagaz fusionaturiko jazza” egiten dute Orbital musika taldekoek. Elorrioko Jazz Blues jaialdian, barikuan, eurek sortutako hainbat kanta eta bertsioren batzuk ere eskainiko dituzte. Mikel Nuñez durangarrak sorturiko Hain urrun, baina hain gertu kanta joko dute, esaterako: urtebetez atzerrian bizi izan den bere neska-lagunari dedikaturiko kanta da Nuñez pianistaren hori.    

Holandan eta Madrilen bizi dira Nuñezen boskoteko kide bi, eta ez da erraza taldea batzea. Baina, Nuñezek azaldu duenez, taldekide guztiek dute gogoa Orbital boskotean jarraitzeko. “Denok egin dugu talde honen aldeko apustua, eta saiatuko gara aurrera jarraitzen”.

Elkartzea lortu dutela aprobetxatuta, asteon lau kontzertu emango dituzte, jarraian: gaur Santanderren joko dute, eta bihar Gijonen; barikuan Elorrion ariko dira, eta zapatuan, Donostiako Altxerrin joko dute.

Datorren astean beste lau
Elorrioko Jazz Blues jaialdiaren bigarren asteburuan, beste lau kontzertu izango dira, Ateneoan. Azaroaren 19an, Makala Jazz Funk Band taldea ariko da; 20an, Mikel Andueza Quartet: 21ean, Murali Coryell eta bere banda, eta 22an; The Romanticos — jaialdiko azken kontzertua izango da hau, eta Portalekua tabernan egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!