Elorrioko alkateak ez ditu sinatu AHTaren desjabetze aktak

Anboto 2015ko urr. 28a, 10:07
AHTarentzako tunela, Iguria auzoan.

Atzo zuen aktak sinatzeko hitzordua udalak, baina ez agertzea erabaki zuen Idoia Buruaga alkateak. Legearen arabera, aktak desjabetuko diren lurretan bertan sinatu behar dira, eta arrazoi hori erabili du Buruagak hitzordura ez joateko.

Elorrion, Abiadura Handiko Trenaren obraren lau zati daude. Horietako batean obra eginda dago, eta beste hiruren alegazio epea amaituta dago. Hainbat lurjabe eta udala lurrak desjabetzeko aktak sinatzera deituta egon dira, eta udalak uko egin dio aktak sinatzeari. EH Bilduko gobernu taldeak adierazi du ez duela “erraztasunik eskainiko” prozedura horietan, eta hala azaldu ziela joan zen astean zati horietako kaltetuei, eurekin eginiko batzarrean.

Jarraipen batzordea

Gainera, udalak jarraipen batzorde bat sortuko du, “obren jarraipen zorrotza egin eta kaltetuei laguntza tekniko zein juridikoa eskaintzeko asmoagaz”. Bertan, ordezkari politikoek, kaltetuek eta aholkulariek parte hartuko dute.

Buruagak esan du Elorriok “modu oso zuzenean” pairatuko dituela obra horien ondorioak, batez ere Iguria eta Aidazu auzoetan. Alkateak gogoratu du 2007an eginiko herri-galdeketan AHTaren proiektuaren aurkako iritzia eman zutela herritar askok, 2.129 herritarrek hain zuzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!