Iñaki Larrañaga: "Erregulartasuna eta neure buruagan konfidantza apur bat falta izan zaizkit"

Anboto 2015ko urr. 10a, 10:00

Bost urtez profesionaletan aritu ostean, Iñaki Larrinagak azken partidua jokatu zuen Aspegaz, sanmateotan. Oraindik gaztea da, eta afizionatuetan jarraituko duela dio: “26 urtegaz ez naiz etxean geratuko!”. Profesionaletako presioa alde batera utzita, gozatzea izango du helburu.

Pare bat aste dira azken partidua jokatu zenuela. Zure bizitza asko aldatu da?
Entrenamendu aldetik aldatu da, batez ere. Lehen, buru-belarri entrenatzen genuen, bai alderdi fisikoa bai teknikoa. Orain, neure kontura egiten dut dena, lasaiago eta presio barik. Horixe da gehien igartzen dena: presiorik barik aritzea.

Lanean zabiltza?
Bai, Aspen hasi nintzenerako ere lanean nenbilen, mekanikari, Elorrio bertako enpresa batean.  Goizetan bost ordu egin, eta arratsaldean entrenatzera. Aste konpletoak izan ditut.

Zelan jakin zenuen ez zenuela jarraituko?
Zortzi hilabeteko azken kontratua egin zidatenean, esan zidaten kontua beltz zegoela. Beraz, imajinatzen nuen kontratu horren amaieran bukatuko zela nire ibilbidea. Beti eusten diozu esperantza puntu bati, baina azken hilean, garbi neukan ezetz. Eta, egia esanda, harrezkero, pilotan gozatzea lortu dut. Jarraituko ez nuela esan zidatenetik, partidu batzuk jokatu ditut. Azken pare bat hiletan jokatu ditudan partidurik onenak izan dira. Azken hamar partiduetatik bat galdu dut. Presiorik barik eta gozatzera joan naiz. Beti izan naiz nerbioso samarra, zer esango ote duten nitaz… eta alde horretatik beti sufritzen nuen.

Sanmateotan jokatu zenuen azken partidua, eta irabazi egin zenuen. Partidu berezia izan zen?
Beste baten moduan hartu nuen, baina, partidu amaieran, emozionatu egin nintzen apur bat; jendea tente jarri zen, lagun batzuk ere etorri ziren ni ikustera: Peñagarikano, Olazabal… Gustura amaitu nuen. Profesionaletatik eramaten dudan gauzarik handiena horixe da: lagun handiak egin ditudala, eta gure artean egon den giroa ez dudala sekula ahaztuko. Koadrila  baten modukoa zen, eta frontoitik kanpora ere lagunak dira.

Partiduaren ostean, familia argazki polit bat atera zenuten. Hamarrekoa izateko, detaile bat falta zitzaion, buru gainean txapela.
Bai. Bigarren mailako final bat jokatu nuen, eta penatan geratu ginen, galdu egin genuelako. Baina egundoko txapelketa egin genuen. Ez geunden ligaxkara sartzeko faboritoen artean, eta are gutxiago finalera heltzeko hautagaien artean. Finalera heldu, eta aurkariei gauzak konplikatu genizkien. Pena izan zen Elorriora txapel bat ezin ekarri izana, baina bigarren postu horregaz be konformatzen naiz.

2012an izan zen final hori. Urte hura izan zen zure ibilbide profesionaleko onena?
Beste momentu on batzuk ere izan ditut; txarrak ere bai. Baina, azkenean, gogoratzen dena emaitzak izaten dira, eta alde horretatik, bai, txapelketa hura izan zen lorpen nagusia.

Zelan definituko zenuke zure ibilbide profesionala?
Nahi baino laburragoa izan da. Bizitzako beste esperientzia baten moduan hartu dut. Gustura egon naiz, eta enpresari eskerrak ematen dizkiot eskainitako aukeragatik. Edonor ez da egoten profesionaletan jokatzen.
 
Erregulartasuna falta izan zaizu?
Baliteke. Momentu onetan, lehen partiduak jokatu izan ditut, baina, hurrengoan, hirugarren partidua jokatu, eta gaizki egoten nintzen. Erregulartasuna eta neure buruagan konfiantza apur bat falta izan zaizkit. Galtzen nuenean, edo txarto jokatzen nuenean, nitaz zer esango ote zuten pentsatzen nuen, eta buruari bueltak ematen nizkion, astean zehar. Partiduekin gozatu beharrean, beste kontu batzuei begira eta apur bat kokilduta egoten nintzen.

Zelakoa da bigarren maila? Gazteei aukera asko eskaintzen zaizkie, baina hasiberria segituan bihurtzen da beterano…
Enpresen ikuspegia aldatu egin da. Sasoi batean, pilotariek gehiago eusten zioten. Orain, urte batzuk egin, eta maila erakutsi ezik, gazteek ordezkatzen dituzte. Izarra ez bazara, pilotarien bizitza nahiko laburra da gaur egun. Beraz, ikuspegi orokor bat izan beharra dago. Gazte batzuek ikasketak apur bat albora uzten dituzte, eta kontuz ibili behar da. Ezin zaitezke fidatu. Azken batean, enpresa bat dira, euren ikuspegia dute, eta toki bat egitea gatxa da.

Zuk mekanikari lana zeneukan. Horrek pilotari garapenean, okerrerako eragin ote du?
Ez, kontrakoa. Banekien, egunen batean, pilotaren ibilbidea amaitu egingo zela, eta lasaitasuna ematen zidan. Beste batzuk, hamar urtez pilotan aritu, mundu horretatik irten, eta zer egin jakin barik egoten dira.

Gaztea zara oraindik, abenduan 27 urte egingo dituzu. Aurrera begira, zer asmo duzu pilota munduan?
Afizionatu moduan jarraituko dut, Elorrioko klubagaz. Burgos inguruan pare bat partidu jokatu ditut dagoeneko. 26 urtegaz ez naiz etxean geratuko!

Frontis, Garfe, EgurSport… beste enpresa batzuk ere badaude.
Batzuek deitu didate, baina gehiago izaten da udara begira. Orduan, aukera gehiago izaten da. Neguan gatxagoa da. Ikusiko dugu. Azken batean, enpresa horietan egon arren, afizionatuetan jokatzen jarraitu dezaket.

Igor Azpiri eta biok herri artekoan parte hartzen baduzue, …
Saiatuko gara. Herriak dena eman dit. Hemen egin naiz pilotari, partiduetara lagundu didate… Elorriok, elorriarrek eta pilota klubak eskaini didaten laguntza profesionaletako nire esperientziagaz itzuli ahal badiet, poztuko naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!