Elikagaien Bankuagaz zazpi bat familia lagundu dituzte hilero

Anboto 2015ko urr. 9a, 09:46
Elorrion antzera, beste herri batzuetan ere parte hartzen dute proiektuan, Zornotzan, esaterako. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Elorrion, Elikagaien Bankuaren proiektua beste bi urtez luzatzea erabaki dute udalak, Kainabera elkarteak eta Eroskik. Udalak adierazi duenez, batez beste, zazpi bat familia lagundu dituzte, hilero, eta proiektuari eustea beharrezko ikusten dute.


Orain urte bi, Bizkaiko Elikagaien Bankuko kideek udalari abisu eman zioten, herriko familia batzuk Basaurin dagoen biltegira joaten zirela esanez. Horregatik, zerbitzua herrian bertan zelan eman aztertzen hasi ziren. Udalak egitasmoan parte hartzea proposatu zion Kainaberari, eta horrela eman zituzten lehen pausoak. Iaz, Eroski ere batu zen proiektura, 6.000 euroko ekarpena eginez. Lokal bat prestatu zuten, Galartzauria kalean, banaketa egiteko.

Udalak azaldu du batez besteko kopuru bat egon arren, laguntza behar duten familiak ez direla betikoak hilerik hile. “Horrek argi uzten du, Elorrion, badirela oinarrizko beharrizanak dituzten hainbat herrikide. Egoera honen aurrean, ekimen pribatua, publikoa eta herri-ekimena uztartuta, Elorrioko Elikagaien Bankua babestea dagokigu”.

Kainaberako kideek, batez ere, atzerriko proiektuetan egiten dute lan, eta, beharrizana dagoen artean, lan egiteko prest daudela esan dute: “Familien egoera hobetzen joatea espero dugu, eta hitzarmen hau berriro berriztu beharrik ez izatea. Bitartean, lanean jardungo dugu”.

Eroskik ere aintzat hartu du proiektua: “Egoera ekonomiko zailak kaltetu dituen Elorrioko  familia eta herritarrak laguntzeko tresna baliogarria delakoan gaude”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!