Musikairek aurrera darrai asteburuan: gaur Aziza Brahimen kontzertua Arriolan izango da

Anboto 2015ko uzt. 17a, 12:22
Kukai dantza taldearen ‘Gelajauziak’ ikusteko aukera egongo da, domekan.

Lariz jauregian programatu dituzte asteburu honetarako bi hitzordu musikalak, baina, gaurkoa behintzat, Arriolara mugituko dutela azaldu dute, gauerako euria iragarri dutelako.  Gaur, Aziza Brahim saharauiaren ahotsak hartuko du Elorrio, 22:30etik aurrera, eta bihar, Lariz jauregian, Xabier Aburruzagaren trikitiaren doinua izango da protagonista, bateria, baxua, biolina eta gitarra joko dituzten lau musikarik lagunduta. 


Domekan, aldiz, plazan eskainiko dute Kukai eta Lasala dantza taldeek emanaldia. Kukaik hogei minutu inguruko bere bi lan eskainiko ditu, 19:00etatik aurrera, Elorrioko plazan: Sorbatza eta Gelajauziak. Lasala konpainiak, ostera, Lauesku izeneko ikuskizuna eskainiko du.

Elizpetik elizpera
Uztail hasieran elizpean hasi zen Musikaire jaialdia, eta leku horretan amaituko da. Jaialdi honen aniztasunaren isla diren beste hiru emanaldi izango dira datorren asteburuan ere: Hondurasko Aurelio musikaria eta bere taldea, eta Corizonas eta Oreka TX taldeak ariko dira.   

Bestetik, uztailaren 26an, 19:00etan, antzerki lan laburrekin gozatu ahalko da, Casajara jauregian: Javier Arandaren, eta Pez Limbo eta Trino Teatro taldeen antzerki lan laburrak izango dira ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!