Filma gauzatu ahal izateko koordinatu beharreko arlo guztietan lanean ibili dira azken asteotan. Zinemagintzako sail bakoitza datozen egunetarako baliabideak prestatzen ibili da, eta “dena martxan” dute: dekoratuak, jantziak... Argi filma osatuko duten detaile guztiak prest dauzkate, astelehenean grabazioari ekiteko.
Astelehenera begira, urduritasuna eta “itomena” sentitzen dutela aitortu dute lantaldeko kideek. Baina horrelako proiektu handi bat abiatzean, hori ohikoa dela uste dute. “Suposatzen dugu lehenengo eguna anabasa handia izango dela”, azpimarratu du Mediavilla zuzendariak, “baina, lehenengo eguneko oztopoak gainditu ostean, urduritasuna ere desagertzen joango dela uste dugu”.
1970eko hamarkadan kokaturiko istorioa da Argi. Itotzen duen herritik alde egin guran protagonistak bizi duen barne gatazka kontatzen du filmak: lekuz kanpo sentitzen da.