Lehiakortasunari aurre egiteko, zozketa bidez sortuko dituzte kale futbito txapelketako taldeak

Anboto 2015ko uzt. 7a, 09:37

Uztailaren 17an eta 18an izango da aurten Elorrioko Gaztetxeak antolatzen duen kale futbito txapelketa. Ekimenak hamar urte bete ditu aurten, eta txapelketa formatuari buelta bat ematea erabaki dute, txapelketan parte hartu izan duten herritarrekin eta beste pertsona batzugaz egindako batzarretan. Txapelketan sortu izan den lehiakortasunari aurre egin eta berdintasuna bultzatzeko, norbanako izen-ematea egingo dute, eta zozketa bidez sortuko dituzte taldeak.

Elorrioko Gaztetxetik azaldu dutenez, txapelketaren helburua "ondo pasatzea, herritar desberdinak elkar ezagutzea eta euren arteko harremanak sendotzea da". Horretarako, berdintasuna, parekidetasuna, lehiakortasun osasuntsua eta elkarlan asanbleario eta autogestionatua bultzatu gura dituzte.

Txapelketan parte hartzeko, uztailaren 8ra arte eman daiteke izena gaztetxean bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!