Rikardo Ajuria: "Urtero saiatzen gara aurretik ikusi gabeko lau ogibide erakusten"

Anboto 2015ko eka. 19a, 12:44
San Agustineko beste auzokideek legez, Erdi Aroko arropez jazten da Rikardo Ajuria ogibideen azokan

Olazar elkartearen eskutik, bihar, zapatua, Erdi Aroko giroa ekarriko dute gogora Elorrioko Etxebarriako San Agustin auzoan. VII. Antzinako Ogibideen Erakusketa antolatu dute, urte birik behin egiten duten hitzorduari hutsik egin gabe. Rikardo Ajuria Olazar auzo elkarteko kide eta historialarekin hitzordua egin dugu azoka bereziaz berba egiteko


Zelan sortu zen antzinako ogibideen erakusketa?
San Agustin elizatea sortu zeneko 950. urteurrenaren bueltan sortu zen, duela hamabi urte. Hasieran, Erdi Aroko azoka legez antolatu genuen, baina, inguruan horrelako hainbat zeudela ikusita, buelta bat eman genion, helburu pedagogiko bat eman gura izan genion.

Antzinako ogibideak ezagutzeko aukera emanez...
Horrela da. San Agustin elizpearen bueltan, jostailuak, taloak, gazta, koltxoiak... zelan egiten diren ikusi genezake.

San Agustin elizaren inguruan egiteak badu bere zergatia?
Garai batean, elizaren inguruan batzen zen botere politiko eta erlijiosoa. Inguru publikoa zen. Azoketan egiten den bezala, salmenta guztiak egiten ziren bertan; baserritarrek ere bertara eramaten zituzten produktuak. Trukerako lekua zen. Leku aproposa iruditzen zaigu.
 
XI. mendekoa da San Agustinen sortze-akta. Tabirako kondeek emaniko lurretan Etxebarriako San Agustingo monasterioa izan zena eraiki zen.
Horrela da; hori gogoratzeko antzezpena egingo du Mamarru antzerki taldeak, arratsaldean. Aurretik egun osoa izango dute giroa berotzeko Mamarrukoek.

Rikardo Ajuria antzinako eskribauaren papereanHistoria zabaltzeko era ere bada orduan.
Bai. Sasoi batean, Durangaldea Nafarroako erreinuaren parte zen, eta, Gernikako Foruaren aurretik, Durangaldeko Laborarien Forua zegoen, Nafarroako errege-
erreginek ekarritakoa. San Agustinen zegoen hori. Beste urteren batean hori ere ekarri dezakegu gogora: eliza honetan azaldu zen agiri hori, eta balioa emateko aukera izan daiteke.

Zer ogibide ikusteko aukera egongo da?
Finean, baserri inguruko ogibideak erakutsiko ditugu: zorrotzailearena, artileak egiten zituenarena, nekazariarena... Aurten, kristalgintza ere erakutsiko dugu. Belar biltzailea eta errementaria ere izango ditugu, eta azken horrek metro biko hauspoa ekarriko du hori nola erabiltzen den erakusteko. Taloak, sagardoa eta gatza ere egingo ditugu; horretarako Leintz Gatzagako ura ekarriko dugu. Artilezko koltxoia eta belar-meta ere egingo ditugu. Urtero saiatzen gara aurretik erakutsi bako lau bat ogibide erakusten.

Zenbat jende batzen zarete?
Hogei ogibide erakutsiko ditugu, zazpi Arbaso elkartearen bitartez, eta beste hamahiruak auzotar eta elorriarren parte-hartzeren bidez.

Elorrio merkataritzagaz lotu izan da...
Burdinagaz lotutako jarduna izan da, batez ere. Errotariak eta teila egileak ere asko izan dira. Horren erakusle, errementariak Leizen aurkitutako pika baten erreplika egingo du, eta, bustingileak, baserri baterako teila. Bizkaiko azken teileria ere badugu Elorrion; berreskuratu gura genuke, baina...

San Agustin elizara bisita ere egingo duzue.
Bai, iaz ere egin genuen, eta arrakasta itzela izan zuen. Oraingoan hobeto antolatuko dugu. San Agustin elizaren historia ekarriko dugu gogora; larregi luzatu barik. Lurron jabe ziren Tabirako kondeen gorpuak ikusteko aukera ere aztertzen gabiltza; 12:30ean izango da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!