Aitor Viteri, dekoratzailea: "Etxeek bertan bizi direnei buruz berba egin behar dute"

Anboto 2015ko mai. 22a, 11:18

Hemezortzi urte daramatza Aitor Viterik Madrilen, dekoratzaile lanetan. Askotariko espazioak diseinatu ditu: etxebizitzak, antzezlanetarako eszenografiak, jatetxeak… Momentu honetan, dekorazio joeren Casa Decor erakustokian dago Viterik eta bere lankide Elena Lapeñak egindako azken sormen lana: ‘Evoque’. Arrakasta handia izan du, eta hainbat aldizkari espezializatuetako loreak jaso ditu.

Zelakoa da ‘Evoque’?
Pasillo bat da, eta, pasilloa denez, espazio oso zaila. Horregatik, ispiluak erabili ditugu, espazio hori apurtzeko eta handiagoa emateko. Pasilloan zehar, istorio bat kontatu dugu: hasteko, 1920ko hamarkadako art déco estiloan inspiratutako tximinia bat egin dugu, eta 1950, 60 eta 70eko hamarkadetako piezekin jarraitu dugu. Amaitzeko, abangoardiako obrak sartu ditugu, Arcon erakutsi diren kritika sozialari buruzko lanak. Hori guztia artisau lanekin; gortinetako patroiak, adibidez, eskuz margotuta daude, eta serigrafiaz koloreka inprimatuta. Kalitate bereziko alfonbrak ere ekarri ditugu Atlasetik. Nahiko nahasketa harrigarria da, eta uste dut horregatik gustatu dela.

Beste urte batzuetan ere parte hartu duzu Casa Decorren. Aurtengoak aparteko arrakasta izan du, ezta?
Sorpresa izan da. Casa Decorren askok kontu klasikoagoak egin dituzte, eta Elenak eta biok zerbait berezia egin gura genuen. Nahasketa horrek, berbaz kontatuta, zer edo zer kaotikoa dela ematen du, baina ikusiz gero, ordena eta estilo handia dauka. Hori da Elle, Deco, Art&Decoration eta Hola aldizkariek esan dutena; oso ondo idatzi dute gutaz.

Casa Decor-ek zer nolako garrantzia dauka dekorazio munduan?
Ez dago horrelakorik Europan. Madrilen egin izan da, eta proba batzuk egin zituzten Bartzelonan eta Valentzian, txarto irten zen, eta urtero Madrilen egiten da. Orain Bilbora ere joan gura dute. Espero dugu baietz! Azkenean tendentziak markatzen dira, koloreak, kortinak, konposizioak… hemen ikusten dira. Pasarela modukoa da, baina dekorazioan.

Dekoratzaileen bizitza glamourragaz lotu ohi da.
Nirea ez, behintzat. Antolatzen dituzte jaiak-eta, baina ez zaizkit gustatzen. Bestela, lanordu askoko lana da. Proiektu kopuruaren arabera, egunean hamar-hamabi ordu egiten ditugu. Gainera, eten barik zabiltza laneko kontuetan pentsatzen: dena begietatik sartzen da, konposizioak begitzen, pentsatzen… ematen duzu eguna.

Tartean eskolak emateko astia ere hartzen duzu.
Bai, dekorazioagaz lotutako master bitan nabil irakasle. Oso gustura nabil. Oso zorrotza naiz ikasleekin, baina ikasleak oso gustura irteten dira. Ni ere oso pozik; ederra da lanean ikasitakoa ikasleekin partekatzea.

Madrilek ate asko zabaldu dizkizu. Euskal Herrian zailagoa da dekorazioan lan egitea?
Madrilera etorri nintzenean, bai; orduan ez zegoen ezer. Dendak eta estudioak bai, baina arkitekturakoak; diseinuari ez zitzaion garrantzia ematen. Egoera aldatu da, eta, gaur egun, Bilbon punta-puntako diseinatzaileak daude. Horregatik, Casa Decor erakusketa Bilbon antolatzeko babesle bila dabiltza. Ea lortzen duten!

Zer saltsatan ibiltzen zara gusturen?
Tabernaren bat diseinatzean, adibidez, asko gozatzen dut. Etxe bat dekoratzea baino gaitzagoa, baina niretzat interesgarriagoa da, gauza berriak probatzeko aukera ematen didalako. Etxe barruan egunero egoten gara, eta, beraz, ezin dituzu oso gauza bitxiak ipini.

Bezeroekin zelan asmatu?
Galdera asko egin behar dira, bezeroaren gustuak eta etxeko ohiturak zeintzuk diren ezagutzeko. Psikologia erabili behar izaten da, gauza asko aztertu. Azken batean, leku hori zuretzat da, ez beste inorentzat. Niri berdin zait gortina berdeak edo horiak jartzea; azken batean zeuk bizi behar duzu bertan, eta etxeak zeuri buruz berba egin behar du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!