Ángel Stanichek ‘Camino ácido’ eskainiko die Arriolako entzuleei

Anboto 2015ko mai. 26a, 11:00

Maiatzaren 29an, 22:00etatik aurrera, Elorrioko Arriolan joko du Angel Stanich (Santander, Espainia, 1988) musikari gazteak. Hirukoteak lagunduta dabil, azken hilabeteotan, Camino ácido izenburuko diskoko kantak zuzenean aurkezten.

2014. urteko otsailean kaleratu zuen Stanichek Camino ácido, Arizona Baby taldeko Javier Vielbak produzituriko diskoa. Lan hori “konformismoari emandako zaplasteko bat” da, aurkezpen orrian esaten denez. Jakin-mina duten belarrientzako bazka, rock alternatiboa eta ezohiko popa uztartzen dituena.

Iazko apirilean, kontzertu akustiko bateko lau kanta biltzen dituen Disparar a un hombre en Reno disko laburra kaleratu zuen Stanichek. Aurtengo otsailean, Cuatro truenos cayeron lau kantako diskoa kaleratu du; besteak beste, Carbura! eta Mojo izenburuko abesti berriak ezagutarazi dituena.

Nortasun handiko ahotsa du Stanich gazteak, eta ironia eta surrealismoa baliatuz idatziriko letrak dituzte kantuek. Bere ahotsari buruz, haren zaleek diote ez duela inor epel uzten: edo oso gogoko izaten dela edo ez dela batere gustuko izaten.

Aurreko astean, Granadan kontzertua eskaini ostean, eta, hilaren 30ean, Palentzian jo orduko, izango da Ángel Stanich musikaria Elorrioko Arriolan entzuteko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!