'HappyEnd', umore beltzeko antzezlana, Arriolan

Anboto 2015ko mai. 20a, 10:00
Xabi Donosti, Garbiñe Insausti eta Ana Pimienta dira obran diharduten aktoreak.

Borja Ortiz de Gondraren testuan oinarriturik, Iñaki Rikartek zuzenduriko HappyEnd antzezlana dute programatuta datorren barikurako Elorrioko Arriola antzokian. Vaivén Producciones antzerki taldearen proiektua da HappyEnd, umore beltza oinarri duen obra.


Jendeari suizidatzen laguntzen dion elkarte klandestino baten istorioa kontatzen du obrak. Beste kide bati bere buruaz beste egiten lagunduz gero, euren momentua iristean helburua betetzen lagunduko dien norbait alboan izango dutela ziurtatzen die elkarteak kideei.

Lanaren sinopsian taldeak adierazten duenaren arabera, krisiari esker loraturikoa da antzezlanean ageri den elkartea, “baina, azkenaldiko kimu berdeen eta baikortasunaren ondorioz, gero eta gutxiago dira suizidak”. Proiektu honegaz, “krisiak estutu bakarrik ez, ito ere egiten duela sentitzen duten pertsonei” ahotsa eman nahi izan diete Vaivén taldekoek.

Xabi Donosti, Garbiñe Insausti eta Ana Pimienta aktoreek dihardute oholtzan, eta Iñaki Salvador musikariak sortu du musika.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!