Asteburuan Errekakaleko jaietan murgilduko da Elorrio

Anboto 2015ko api. 8a, 12:37
Durangoko The Mockers taldeak barikuan eskainiko du kontzertua plazan.

Eguenean, iluntzeko pintxo-poteagaz hasiko dituzte Elorrioko Errekakaleko jaiak, eta domekara arte hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da; batez ere, musikaz. Hamabi tabernaren artean antolatu dute jaietako egitaraua, eta bariku gauean, adibidez, hainbat kontzertu egongo dira: 22:00etan, Tribute to Eskorbuto eta The Mockers taldeek joko dute plazan, eta, 23:00etan, A-Srama Live eta Asian Experience taldeak ariko dira gaztetxean.

 

Zapatuan, 16:30ean, pilota partiduak eskainiko dituzte pilota eskolakoek, eta Mikel Goñik ere parte hartuko du jaialdian. 18:30ean, erromeria hasiko da, eta, gauez, kontzertu bana egongo da gaztetxean eta Ateneoan. Gaztetxean Anger, Bide Bakarra eta Baghdad taldeek joko dute 23:00etatik aurrera, eta Ateneoan musika elektronikoa ipiniko du Korrupted Brothersek, 00:00etan.

Bestalde, bigarren eskukoen azokaren hamargarren edizioa antolatu dute domekarako, 11:00etatik 15:00etara. Durangoko Andraguneko batukadak girotuko du azoka eta Elorrioko ekoizleek ere parte hartuko dute alde zaharrean egingo duten azokan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!