Zabaldu dute Ibarra eta San Pio arteko zubia

Anboto 2015ko mar. 27a, 12:55

Gaur zabaldu dute zubia, inaugurazio ekitaldi bategaz. Ana Otadui alkateak eta Joseba Mujika alkateordeak moztu dute zinta, eta Bilduko Xabier Orbegozo ere egon da ekitaldian. Duela urte askotatik udalaren asmoen artean egondako egitasmoa da Ibarra eta San Pio X kaleen arteko zubiarena.

Gaurtik aurrera Elorrion sartzeko eta bertatik irteteko bide bat gehiago dago, San Pio X eta Ibarra kaleen arteko zubiari esker. Herriko mugikortasunari dagokionez, Elorriorentzat proiektu “estrategikoa” dela azpimarratu izan du udalak, herri barruko trafikoa arintzea eta  berrantolatzea delako helburua.  Uztailean hasi zituzten obrak, 665.000 euroko aurrekontuagaz, eta obra %19 garestitu da. Arrazoien artean, URA agentziagaz balizko uholdeen aurrean ibaia kanalizatzeko adostutako lanak egon dira.

Gasolindegi alboko biribilguneak Elorrion sartzeko hirugarren bide bat eskainiko du hemendik aurrera, zubi berritik sartuta. Gainera, herriko trafikoaren irteerarako ere balioko du. Zubiaren galtzadak ibilgailuentzako errail bi dauzka. Bi espaloi daude alde banatan, eta bizikletan ibiltzen direnentzako 2,40 metroko erraila ere bai.

Joseba Mujika alkateordeak azaldu du uda osterako beste aldaketa bat egin gura dutela proiektuari lotuta. San Pio X kalea herrigunera sartzeko bakarrik egokituko dute, eta oinezkoek lehentasuna edukitzeko prestatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!