Jose Mari Zenitagoia: "Urtean behin bazkari edo afari bat egiten dugu Athleticen ibili ginenok"

Anboto 2015ko mar. 28a, 10:00

Futbolari profesional ohiek osatutako zortzi talde elkarren kontra lehiatuko dira Eleizalden, bihar, 10:00etatik aurrera. Sarrerekin batutako diru guztia Elorrioko Kainabera elkarteak Nikaraguan duen proiektu bati laguntzera bideratuko dute. Futbol partiduen aurretik Athleticegaz jokatu duten Elorrioko jokalari ohi bi omenduko dituzte: Jose Mari Zenitagoia Kotxero (68 urte) da horietako bat.


‘Kotxero’ deitzen dizute. Zergatik ezizen hori?
Bai, etxeko guztioi deitzen digute horrela. Jaio ginen etxearen azpian taberna bat daukagu orain. Baina garai batean, kotxe tailer bat zegoen, eta hortik dator ezizena. Guk ez dugu tailer hori ezagutu, baina norbaitek lotura hori egingo zuen, eta gu ezizen horregaz geratu gara. Egia esan, beti deitu izan digute horrela, txiki-txikitatik.

Athleticeko talde nagusiagaz jokatu zenituen hiru partidu Lehenengo Mailan. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Zoragarria izan zen. Oso polita. Jose Angel Iribarregaz eta Juan Mari Zorriquetagaz jokatzeko aukera izan nuen, eta esperientzia ahaztezina izan zen. Taldean, gainera, oso giro ona zuten jokalarien artean, eta taldekide arruntak bagina bezala tratatzen gintuzten Bilbao Athle-
ticetik igotzen ginen guztiok. Hala ere, esan beharra dago beti talde nagusiagaz entrenatzen nintzela.

Zergatik ez zenituen partidu gehiago jokatu?
Bilbao Athleticen jokatzen nuen, eta hiru alditan eduki nuen lehenengo taldeagaz jokatzeko aukera. Gero, lesioekin arazo handiak izan nituen, eta ezin izan nuen jarraikortasunik lortu lehenengo taldean. Hala ere, beste talde batzuetan jokatzeko aukera izan nuen ondorengo urteetan: Logroñesen eta Cadizen. Ondoren, Elorriora etorri nintzen bueltan. Zorte txarra eduki genuen, eta Hirugarren Mailatik jaitsi egin ginen. Nik lan bikoitza egiten nuen talde horretan. Jokatzeaz gain, entrenatzaile lanak ere nik egiten nituen. Lau urte eman nituen horrela, eta gero jokalari izateari utzi nion.

Eta entrenatzaile postuan jarraitu zenuen?
Bai. Elorrion bertan jarraitu nuen, eta, geroago, Zaldibarren ere ibili nintzen. Horretaz gainera, ikastolan eta goiko eskolan ere ibili nintzen Gorputz Heziketako eskolak ematen.

Herrian ezaguna izango zara, orduan.
Bai, herria handia ere ez da, eta guztiok ezagutzen dugu elkar. Baina guztiekin harreman ona dut nik. Hala ere, esango nuke gazteekin harreman bereziagoa dudala, asko maite naute, eta nik ere bai haiek. Semea ere nahiko ezaguna dut. Lor musika taldean gitarra jotzen zuen eta abestu egiten zuen. Oraindik ere musikagaz jarraitzen du, baina ez lehengo moduan.

Jose Maria Igartua ere Athleticeko jokalaria izan zen. Kointziditu zenuten inoiz?
Bera gazteekin entrenatzen zen, Javier Clementegaz batera, eta ni talde nagusiagaz. Beraz, ez genuen aukerarik izan elkarrekin jokatzeko. Hala ere, gero berak nik baino partidu gehiago jokatu zituen talde nagusiagaz.

Anekdotarik izango duzu kontatzeko.
Badut gertakari bat, baina ez da gauza handia. Kontua da Athle-
ticegaz entrenatzen nenbilen egun horietako batean, Getxon, aulki bat aurretik eraman nuela. Goitik zetorren baloi bat zen, eta ni hari begira joan nintzen korrika, kontrolatu nahian. Hainbeste gogo nuen baloia harrapatzeko, ezen konturatu ere ez nintzen egin parean aulki bat zegoela. Hankan min apur bat hartu nuen, baina entrenatzen jarraitu beharra zegoen.

Omenaldia egingo dizuete partiduaren aitzakian.
Bai. Dagoeneko gu ez gaude futbolean jokatzeko, gure garaiak pasatu ziren.  

Partiduak ikusten inbidiarik ez duzu pasatzen?
Nahikoa egindakoak gara gu. Athleticekin ez nenbilenean, areto futbolean jokatzen nuen anai-arrebekin, asko gara eta. Zortzi mutil eta hiru neska. Guztiok izan gara futbolzaleak txikitatik. Taldea osatzen genuen, eta inguruko herrietan zehar partiduak jokatzen ibiltzen ginen. Horretaz gainera, pelotan ere ibilitakoa naiz.

Familia futbolzalea duzu, beraz.
Hala da. Nitaz gainera, beste anaia batek Eibarren jokatu zuen, eta beste batek Zornotzan, Lemoan eta Durangoko Kulturalean.

Zapatuko partiduak aitzakiatzat hartuta, lagun zaharrekin berriz elkartzeko aukera izango duzu?
Bai. Lehengoan ere etorri ziren Elorrioko udaletxera, partidu solidarioen aurkezpena egitera, eta elkarrekin egoteko aukera izan genuen batzuek. Hala ere, ia guztiekin mantentzen dut harremana: taldean ibili ginenok bazkari edo afari bat egiten dugu urtean behin, uda partean. Garai zaharrak gogoratzeko egokiak izaten dira afari horiek.

 

Jose Maria IgartuaJose Maria Igartua: "Esker oneko nago omenaldiagatik"

Jose Maria Igartuak (Elorrio, 1950) ibilbide luzea izan zuen futbolean. Gazte mailan hiru urte eman ostean, 1968tik 75era Athleticen jokatu zuen. Ondorengo urte biak Vigoko Celtan eman zituen, eta Alavesen amaitu zuen bere ibilbidea. Domekan, Zenitagoiagaz batera, omenaldia eskainiko diote. “Esker oneko” dago omenaldiagatik. Gaur egun, Gasteizen bizi da, baina “sarritan etortzen naiz Elorriora”. Beraz, ondo ezagutzen du Zenitagoia, eta badute harremana. Hala ere sekula ez zute elkarrekin jokatu Athleticen.

Domekan, baloiren bat inguruan harrapatuz gero… “Zoritxarrez ezer ez, aldakan eta belaunean ebakuntza egin didate, eta ezin baloirik jo!”.

Athleticen bigarren taldetik igaro gabe, gazte mailatik zuzenean nagusietara igo zen Igartua. Sasoi hari “nostalgia puntu batez” begiratzen diola dio, baina ez da izan iraganean bizi den horietakoa. Futbola utzi, eta palan jokatzen hasi zen, eta munduko txapelketetan parte hartu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!