Elorrioko institutuko ikasleak Herbeheretako Ubbergen hiriko ikasle batzuekin elkartrukean dabiltza

Anboto 2015ko mar. 25a, 16:08
Ikasle herbeheretarrak Elorrion.

Peineko (Alemania) ikasle talde bat egon zen duela astebete Elorrion. Oraingoan, berriz, Herbeheretako Ubbergen hiriko ikasleak etorri dira, Notre Dame Des Anges ikastetxekoak. 21 ikasle eta 2 irakasle etorri dira, eta Euskal Herria ezagutzen dihardute egun hauetan.

Eguraldia asko laguntzen ari ez den arren, ikasle herbeheretarrak egun hauek aprobetxatzen ari dira, Elorrioko institutuaren laguntzaz. Atzo, Korrikaren 19. edizioa abian dela baliatu zuten elkartrukeko ikasleak bertara eraman eta parte hartzeko. Zerbait berria izan da beraientzat, eta Corrie eta Milu irakasleek aitortu dute oso esperientzia bikaina izan zela.

Gernikan egoteko aukera ere izan dute, Junta Etxea eta Bakearen Museoa bisitatuz. Horretaz gain, arraunean ere ibili dira Lekeitioko uretan. Gaurko eguna Bilbo ikusteko aprobetxatuko dute, bihar euren herrira itzuli aurretik.

Bukatzeko, esan Elorrioko institutuak lehenengo aldiz egin duela elkartrukea ikastetxe honekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!