Udal hauteskundeak 2015

'Zurekin hobeto', Elorrioko EH Bilduren prozesua

Anboto 2015ko mar. 5a, 13:57

Elorrioko EH Bilduk partaidetza prozesuan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Barikuan 19:30ean inauguratuko duten lokalean eman dute prentsaurrekoa.

Hauteskundeei begira, programa osatzeko diseinatu duten kronogramaren berri eman dute EH Bildu koalizioko kideek. Dagoeneko galdetegiak banatu dituzte 150 herritarren artean, eta astelehenetik aurrera gaien araberako batzarrak egingo dituzte. Martxoaren 25ean, jardunaldi zabala egingo dute, eta, apirilean, programan sakonduko dute, taldeka.

EH Bilduk herritarrekin elkarlanean landu gura du programa. "Herritarrak ezinbestekoak direla uste dugu", adierazi du Idoia Buruagak. "Herritarrei ateak parez-pare zabaltzeko erabakia hartu dugu; iraganean banandu gintuena alboratzeko eta batzen gaituena indartzeko". Horrela, "herritar ezkertiar eta abertzaleen bilgune zabal bat eratzera" doaz.

Azaldu dutenez, bihar jendaurrean zabalduko duten lokalean batzarrak egingo dituzte, informazioa banatuko dute, eta ekitaldiak ere egingo dituzte. Bestalde, www.ehbilduelorrio.eus webgunea eta sare sozialak martxan dauzkate.

Horrez gainera, euren lanketa hauteskundeez harago doala diote: "Elorrio berri bat eraikitzera goaz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!