'Secret fires' diskoa aurkeztera dator Arizona Baby hirukotea Elorriora

Anboto 2015ko ots. 25a, 09:00
Valladoliden sorturiko proiektua da Arizona Baby.

Country eta folk estiloa, zein psikodelia uztartzen dituen Arizona Baby taldearen kontzertua izango da, otsailaren 27an, Elorrioko Arriolan. Iaz argitaratu zuen diskoa aurkeztera dator Valladolideko (Espainia) hirukotea Durangaldera, eta, barikuan, 22:00etatik aurrera joko du Elorrion. Secret Fires izena du taldearen hirugarren diskoak, eta lan horretako kantak zuzenean eskaintzen dabil estatuko areto eta antzokietan, azken hilabeteetan.



Secret Fires izeneko diskoan, azken urteetan jorratutako folk, country eta psikodelia doinuetatik beste melodia eta erritmo batzuetara egin du jauzi hirukoteak, eta rocka eta popa uztartu ditu oraingoan. Hainbat musika kritikariren berbetan, besteak beste, R.E.M. eta The Beatles taldeen edo Bob Dylan musikariaren kanten oihartzunak nabari dira taldearen azken lanean. Javier Vielba, Rubén Marron eta Guille Aragón taldekideen berbetan ere, gitarra akustikoen presentzia oraindik nabarmena den arren, bestelako bideetatik abiatu gura izan dute Secret Fires lana osatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!