Udal hauteskundeak 2015

‘Elorrio zuretzat’: herritarren iritzia entzuteko EAJren prozesua

Anboto 2015ko ots. 17a, 16:10

Joseba Mujika hautagaiak eta Jose Landa EAJko presidenteak hauteskundeetarako ideiak jasotzeko prozesua aurkeztu dute.

Elorrio zuretzat prozesuagaz, EAJk herritarren iritzia entzungo du maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako programa osatzeko. Joseba Mujika alkateordea hautagai duen alderdiak batzarrak egingo ditu elkarteekin: hilaren 23an kirolekoekin, 24an kulturakoekin eta 25ean gizarte arlokoekin. Ateneoan izango dira, 19:00etan. Gainera, Batzokian eta sare sozialetan ere jasoko dituzte proposamen pertsonalak.

Mujikaren esanetan, ideiak jaso eta handik hilabetera beste batzar batzuk deituko dituzte, programan sartuko dutena azaltzeko.

Hauteskundeetarako lehenengo aldiz egingo du horrelako prozesu bat EAJk. "Garaiak aldatzen doaz, eta horretara egokitu behar dugu", esan du Landak. Baikor azaldu da jeltzaleen presidentea: "Hauteskundeak irabazi eta gobernatzen jarraitzea da gure asmoa". Aurten aurkeztuko den zerrendan, erdiak berriak izango dela aurreratu du Landak. "Esperientzia eta ilusioa" batu gura dituzte horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!