Bost Urban Dance lehiaketarako sailkapen saioa egingo dute zapatuan, Arriolan

Anboto 2015ko ots. 5a, 14:44

Sarrera guztiak agortuta daude zapatuan, Elorrioko Arriolan izango den Akadantz lehiaketa bertatik bertara jarraitzeko.

Maila handiko koreografiekin osatutako kale dantzak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horretaz gainera, apirilean, Bilbon egingo den Bost Urban Dance Comp lehiaketarako sailkatzeko aukera ere izango dute bihar dantzariek.

Elorrion, zapatuan, eta Aretxabaletan, martxoaren 7an, jokatuko dituzten saioetan irabazten duten lau taldeek Bost Urban Dance Comp lehiaketaren Bilbo Arenako emanaldian parte hartzeko txartela irabaziko dute. Antolatzaileek esan dutenez, Elorrioko biharko sailkapen saioan 32 taldek hartuko dute parte, eta Aretxabaletan 33k.

Adin multzo bitan lehiatuko dira Elorrioko Akadantz lehiaketako parte-hartzaileak: 16 urtetik gorakoen multzoan, taldeka zein bikoteka –street dance eta breakdance eran, eta estilo esperimentalean–, eta 15 urtetik beherakoen multzoan. Helduen kategorietako irabazleek dirusaria izango dute, eta apirileko Bilboko saiora joateko sarrerak irabaziko dituzte gazteek. Aurreko edizioetan bezala, hiru minutuko iraupena duten koreografiak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek.

Euskal Herriko hainbat lekutako, Aragoiko, Kantabriako zein Kataluniako dantzariek eman dute izena biharko saioan parte hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!