Kortazar, Ariznabarreta eta Ozaeta faborito Elorrioko Santxibiri proban

Anboto 2014ko abe. 23a, 10:00

Durango Kirol Taldeak antolatuta, Santxibiri herri lasterketaren hirugarren aldia lehiatuko dute abenduaren 28an, Elorrioko kaleetan.


Parte-hartzaileak adinka banatuko dituzte. 12:00etan gaztetxoen mailatako lasterketak lehiatuko dituzte. Gazte, junior eta nagusien lasterketak 12:30ean izango dira. Nagusiek 5,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta gazte zein juniorrek 2,7 kilometrokoa.

Halaber, proba honetan Elorrioko kuadrillek ere parte hartu ahal izango dute. Ondoen mozorrotutako hiru kuadrillek sariak irabaziko dituzte.

Gizonetan iazko irabazle Ekaitz Kortazar, Oier Ariznabarreta eta Julen Ozaeta izango dira faborito. Aurtengo Sorginen Lasterketako podiuma korrikalari horiek osatu dute, baina ez ordena berean; Atxondon Ariznabarreta nagusitu zen. Aitor Mimenza elorriarra ere irabazteko borrokan egon daiteke. Emakumeetan Oihana Kortazar elgetarra da irabazteko hautagai nagusienetakoa.

Izen-ematea doakoa da www.kirolprobak.com webgunean. Hilaren 27an, Elorrioko udaletxe azpian ere egin daiteke 11:00etatik 13:00etara. Parte-hartzaileek kamiseta bat jasoko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!