II. Buzkantza Jaia ospatuko dute asteburuan

Anboto 2014ko abe. 2a, 12:02
Iazko buzkantza pintxo lehiaketarako Lejarazu tabernak aurekeztutako pintxoak.

Buzkantza Lehiaketa eta Buzkantza Pintxo Lehiaketa egingo dituzte, besteak beste. Herriko jaki tradizionala berreskuratzea dute helburu.

Buzkantza arrakasta handiko elikagaia izan da Elorrion. Baina, bere ekoizpena behera etorri da, ia ohitura desagertzeraino, eta berreskuratzeko edo indartzeko ahalegina egin gura dute. Udala, Iturrizoro elkarteartea, EME eta Eroskiren artean antolatu dute ekimena.

Aurten bigarren edizioa ospatuko dute, iazko arrakastaren ostean. Abenduaren 6tik 8ra Buzkantza izango da protagonista. Alde batetik, Buzkantza Lehiaketa egingo dute 6an. Zenbait harategik euren buzkantzak aurkeztuko dituzte, eta epaimahai profesionalaren zein herritarren iritzia jasoko dute. 12:30etik 14:00etara dastatze herrikoia egingo dute elkarte gastronomikoetan, eta bertan puntuatuko dituzte buzkantzak. Parte hartu gura dutenek 13:30ak baino lehen erosi behar dituzte txartelak Turismo Bulegoan, bost euroren truke. Bestetik, Buzkantza Pintxo Lehiaketan 12 tabernek parte hartuko dute, zapatu arratsaldetik domekara bitartean. Hemen ere profesionalen eta herritarren botoa jasoko dute.

Epaimahai profesionala esperientzia handiko sukaldariek osatuko dute: Elorrioko Narru jatetxeko Juan Ranilla, Zornotzako Jauregibarria jatetxeko Beñat Ormaetxea, Zornotzako Juantxu jatetxeko Juantxu Larruzea, Durangoko Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitarte, Durangoko Saltsan katerineko Iñaki Uribe, Atxondoko Akebaso jatetxeko Iñigo Fuertes eta Bilboko Zarate jatetxeko Sergio Ortiz.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!