Neskalatzaileak proiektua aurkeztuko dute gaur

Anboto 2014ko aza. 12a, 09:41

Erdellak antolatutako Mendi Astean Neskalatzaileak elkartearen Aztarnak dokumentala proiektatuko dute gaur; 19:30ean hasiko da, Gaztetxean. Mendiko kiroletan emakumen motibazioa handitu gura duen kluba da Neskalatzaileak.

Duela bost urte jaio zen kluba, eta ordutik hona ezagututako hainbat emakumegaz Aztarnak dokumentala landu dute. Idoia Rubial eta Ana Ruiz rokodromora joaten hasi ziren Gasteizen, eta hango langile batek Neskaladoras jardunaldia antolatu zuen. Ekimen horren harira, emakumea oinarri izango lukeen elkarte bat egitea hausnartzen hasi ziren. Izan ere, eskalada rallyetan parte hartu ostean, emakume gutxi zeudela konturatu zirela adierazi du Rubialek: “Ikusi genuen oso emakume gutxi zeudela, eta, egoten zirenean, pozik hartzen genituela”. Kirol maskulinotua izanda, andreak erosoago sentitzeko gune bat eraiki gura zuten. “Emakumeak asko motibatzen dira emakumeen artean, eta horri bide eman gura diogu”, esan du Rubialek.

Gaur egun 50 bat kidek osatzen dute Neskalatzaileak kluba, eta neskei mendiko kirolez gozatzeko aukera ematea da euren helburua. Informazio gehiagorako: Neskaltzaileak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!