Elorrioko proban Aitor Hernández jaun eta jabe izan da beste behin

Anboto 2014ko aza. 10a, 09:44
Aitor Hernández Elorrioko proban.

Zapatuan Amezagan eta domekan Elorrion; Aitor Hernandezek (Specialized-Ermua) Espainiako Kopako beste lasterketa bi irabazi ditu asteburuan. Emakumeetan Aida Nuño izan da onena Elorrion.

Beraz, Espainiako Kopan orain arte lehiatu diren sei lasterketak irabazi ditu ermuarrak. Elorrion beste erakustaldi bat eskaini zuen. Euri apur bat egin zuen lasterketan zehar, baina zirkuitua ez zen gehiegi lokaztu. Ohi moduan Aitor Hernández, Kevin Suarez, Felipe Orts eta Javier Ruiz de Larrinagak osatutako laukoteak aurrera egin zuen lasterketa hasieran. Suarezek erritmo bizia ezarri zuen, baina Hernándezek ondo eutsi zion eta, ondoren, berak egin zuen aurrera. Bakarrik helmugaratu zen (1.05.25) eta 52 segundo atera zizkion Suarezi. Orts-ek osatu zuen podioa.

Emakumeetan Aida Nuñó izan zen onena Lucia Gonzalezen aurretik. Bizkaia-Durango taldeko Lierni Lekuona laugarren sailkatu zen (23 urtez azpiko lehenengoa) eta CAF Transport Engineering taldeko Naia Alzola seigarren. Lekuonaren berbetan "lasterketa gogorra, baina dibertigarria" izan da. Kadeteetan sailkapen orokorreko lider den Saioa Gilek (CAF Transport Engineering) ezin izan zuen lasterketa amaitu; zorabio baten ondorioz lasterketatik erretiratu behar izan zuen.

Master 60 mailan hirugarren tokian amaitu zuen Elorrioko Banan-Banan taldeko Jesu Mari Alzolak.

Berdintasuna eskatuz

Aurreko probetan egin moduan, lasterketa hasieran emakumeek gizonen tratu bera eskatu zuten ziklo krosean. Pankarta bi erakutsi zituzten Txirrindularitzan ere berdintasuna eta Mismo trato, mismos derechos. Igualdad ziotenak. 

 

Sailkapena:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!