Irune Uriarte: "Haur eskola material naturalekin eraiki dugu, eta jendearen parte-hartzea bultzatu gura izan dugu"

Anboto 2014ko abu. 31a, 09:30

Elorrioko Txintxirri ikastolak haur eskola berria bertako materialekin eta auzolanean eraiki du. Horretarako UKnaturako kiden laguntza izan du. Irune Uriarte (Algorta, 1985) biologoa eta UKnaturako kidea da.

Txintxirri ikastolak Haur Hezkuntzako ikasleentzako espazio berria eraikitzen dihardu. 250 metro koadrodun eraikin bat ari dira sortzen bioeraikuntza ereduari jarrituz. Aste honetarako eta hurrengorako UKnaturak ikastaro bat antolatu du, eraikinaren isolamendu naturala zelan egin irakasteko.  0-2 urte arteko umeengan autonomia eta elkarlana bultzatu guran, espazioa pedagogiaren mesedetan erabiltzea dute helburu. Proiektu honetan guraso eta irakasleek bat egin dute. Irailean 39 umerekin estreinatuko dute haur eskola.

Zer da UKnatura?
Kooperatiba elkarte bat da. Gure helburua da bioeraikuntzaren eta ingurumenaren arloan ikastaroak antolatzea eta proiektuak martxan jartzea. Antxon Alcaldek eta biok sortu dugu ekimena. Antxon arkitekto teknikoa da, eta ni biologoa naiz. Bera bioeraikuntza arloan espezializatu da, eta ni ingurumen hezkuntzan.

Zelan sortu da UKnaturak Elorrioko ikastolaren proiektu honetan parte hartzeko aukera?
Bizkaian bioeraikuntzaren adiskideen batzarrak egiten dira hilero. Bertan biltzen gara arlo honetan dihardugun hainbat eragile. Silvia Urrutxi arkitektoa Txintxirriko gurasoa da, eta bere bidez eta Oreka arkitektura estudioaren bidez bat egin genuen.

Zer berezitasun dauka haur eskolak?
Haur eskola material naturalekin eraiki da. Egitura egurrezkoa da, Egoinek egin du. UKnatura iparraldeko eta mendebaldeko hormak egiten ari da, hotzenak direnak, lastoz isolaturik. Kareagaz errebokoak egingo ditugu. Beraz, inguruko material naturalak erabiltzen ari gara.  

Bioeraikuntza eraikitzeko modu bat da, baina lan egiteko filosofia bat ere bai.
Bai. Proiektu honetan jendearen parte-hartzea bultzatu gura izan dugu. Horretarako, ikastaroa antolatu dugu gurasoentzat, eta baita interesa daukan edozein elorriarrentzat ere.
 
Guraso eta herritarren artean zein harrera izan du proiektuak?
Oso harrera ona izan du. Jendeak lan egiteko gogo handia erakutsi du. Kanpotik ere etorri da jendea; Zaragozatik, esaterako. Elorrioko eta inguruko jende ugari ere gerturatu da. Bi astean amaitu behar dugu gure lana.
 
Ikastaroa zelan antolatu duzue?
Lehenengo egunaren hasieran alde teorikoa azaldu genuen. Lehenengo aste honetan bi pareten itxitura egiten gabiltza. Lastozko fardelak erabiltzen gabiltza horretarako, isolamendurako. Datorren astean, errebokoak egiten hasiko gara. Karea, lastoa eta area erabilita fardelak forratuko ditugu, eta akabera egingo dugu.  

Bioeraikuntza arloan diharduten hainbat profesional gonbidatu dituzue.
Arlo honetan lanean dabiltzan arkitektoak eta Etxezaharrekoak etorriko dira ikastarora.

Eraikuntza modu honek umeengan eragin dezake?
Uste dugu umeek nabarituko dutela. Datorren astean hemendik ibiliko dira, eta beraiek ere ikusiko dute zelan egiten den. Gurasoak, ingurutik pasatzen direnean, begira gelditzen dira.   

Bioeraikuntza ereduaren bidez espazio bat sortzeak zer esan nahi du?
Natura errespetatzen duten bertako material naturalak erabiltzea esan gura du. Era berean, obra mota honetan jendearen parte-hartzea bultzatu gura dugu, bakoitzak bere proiektua aurrera eramateko. Obra konbentzionaletan zailagoa izaten da. Gainera, bertako materiala erabilita, ez da hainbeste diru behar. Hori bai, ahalegin handia egin behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!