Parapentez beteko da zapatuan Elorrioko zerua

Anboto 2014ko abu. 28a, 11:50

Azken zortzi urteetako ohiturari eutsiz, Larrano parapente taldeak parapentezaleen kontzentrazioa antolatu du zapaturako, Elorrion. Guztira, Euskal Herri osotik etorritako 50 bat parapentezale etorriko dira, eta hegaldia egingo dute Elorrio gainetik. Udalaitzeko minetara igo, eta handik hasiko dituzte hegaldiak 13:00 inguruan. 

 

Egun ona egiten badu, Igurian lur hartuko dute, eta eguraldi eskasa egiten badu, San Anton inguruko landetan. Ondoren, elkarrekin afalduko dute Elorrioko jatetxe batean.

Xpyr proba ezin amaitu
Uztailean, munduko parapentezale onenak batu zituen Xpyr proban parte hartu zuen Iñigo Gabiriak. Hondarribian (Gipuzkoa) hasi eta Gironan (Katalunia) helmugaratzea zen erronka, 440 kilometroan zehar Pirinioak zeharkatu ostean. Munduko onenek parte hartu zuten, eta Gabiriak bazekien ia ezinezkoa zela orain urte biko garaipena errepikatzea. Hala ere, uste baino lasterketa eskasagoa irten zitzaion, eta ezin izan zuen amaitu. Bosgarren egunean, helmugatik 100 bat kilometrora zegoela, erretiratu egin behar izan zuen, kontrolez kanpo heltzeagatik: “Hasiera txarra egin nuen, ganorazko hegaldirik gabe; ondoren, 100 kilometroko pare bat hegaldi egitea lortu nuen, baina ez zen nahikoa izan”. Gainera, datorren urtean ez duela X-Alps proban parte hartuko aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!