1.200 bono egin dituzte igerilekuetarako

Anboto 2014ko abu. 25a, 12:17

Elorrioko Udalak igerileku berrien lehenengo balantzea egin du, eta datuak jakitera eman ditu. Abonatuez gainera, 5.000 sarrera inguru saldu dituzte udaren lehenengo zatian. Irailaren 30era arte egongo dira zabalik.

Uztailaren 3an zabaldu zituzten Elizaldeko kanpoko igerilekuak, eta abuztuaren erdira arte jasotako emaitzak kaleratu ditu udalak. 1.200 bono egin dituzte, gehienak familiarrak, eta aparte 5.000 sarrera saldu dituzte txarteldegian. Uztailaren 31 izan zen egunik jendetsuena, 870 lagun hurreratu zirelako 1.000 pertsonentzako lekua daukan instalaziora.

Joseba Mujika alkateordeak adierazi du Elorrioz kanpoko jendea ere etorri dela igerilekuak erabiltzera: "Erreferentziazko ur instalazioa bilakatu da Bizkaian". Eguraldiak larregi lagundu ez badu ere, momentuz pozik agertu da Mujika. "Aurten, Elorrion, uda beste era batera bizi dugu", esan du.

Zer esana eman duen proiektua da igerilekuena. Lehenik, Bilduren babesik barik onartu zuten udalean. Obrak hasita, makina batzuk saboteatu zituzten ezezagunek. Eta, uztailaren 3an zabaldu arren, arazo teknikoengatik euriagaz gainezka egin zuen, lau egunetan itxita egotera behartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!