Manel: “Urteekin kanta idazle gisa konfiantza lortu dugu”

Anboto 2014ko uzt. 17a, 16:30

‘Atletes, baixin de l’escenari’ izeneko hirugarren diskoko eta taldearen ibilbide osoko kantak eskainiko dituzte Manel taldeko lau bartzelonarrek Elorrioko Tola jauregian, zapatuan, 22:30ean hasita. Guillem Gisbert taldeko abeslariak erantzun ditu Anbotoren galderak.

 

Zelako kontzertuak ari zarete eskaintzen azken aldian?
Azken hilabeteetan duela urtebete argitaratutako hirugarren diskoko kantak zuzenean aurkezten ibili gara, baina orain bestelako zuzenekoak egiten gabiltza: hiru diskoetako kantak jotzen ditugu, azkenengoan hainbeste zentratu barik.

Gogoko duzue duela urte batzuetako kantak jotzea?
Oraintxe ari naiz sentitzen badugula oraingo eta lehengo kanten errepertorioa eskaintzeko. Hala ere, taldeoi orokorrean egindako azken lana erakustea gustatzen zaigu gehien: horregaz identifikatzen gara gehien.

Elorrion jo aurreko egunean FIB jaialdi handian joko duzue. Denetan jotzen duzue gustura?
Atletes, baixin de l’escenari diskoa Primavera Sound jaialdian aurkeztu genuen duela urtebete, eta jende askoren aurrean aritu ginen, baina etxean geunden, eta igartzen da hori ere. Antzokietan ere jo dugu sarritan: alkohola tarteko izan barik, entzuleak lasai-lasai eta adi-adi egoten dira horietan. Edozelan ere, oso sinplea da kontua: deitzen diguten lekuetara joaten gara gure kantak jotzera. Kontzertua edozein lekutan dela ere, ahalik eta kontzerturik onena egiten saiatzen gara beti.

Oso desberdina da Katalunian edo hortik kanpo jendeak Maneli egiten dion harrera?
Bai, noski. Hizkuntzaren eragina argia da: egiten dugunaren parte bat musika da, eta beste bat letra. Katalana entzutera ohituta ez dagoen jendeak esfortzu bat egin behar du. Eta argi dago: batzuek jakin-min handiagoa dute beste batzuek baino.

Iaz Antonia Font taldeak jo zuen Elorrioko Musikairen. Euren musika gogoko duzue?
Kantak egiten hasi ginenean asko entzun genituen. Lagunak ditugu. Duela hilabete batzuk taldea utzi zutenean pena handia hartu genuen.

Zuen musikak izan duen eboluzioa azaltzerik baduzu?
Zaila da, baina badaude objektiboak diren hainbat gauza: hasi ginenean ukelelearen tinbreak asko markatzen zuen gure musika, esaterako. Gutxinaka instrumentu hori uzten joan gara: azken diskoan eta egungo kontzertuetan ez dago ukelelerik.

Hain justu, ukelelea moda bihurtu denean utzi duzue.
Guk egin genuenean ez ginen konturatzen inguruan zelako fenomenoa sortzen ari zen. Urte batzuk barru atzera begiratzerakoan konturatuko gara 2010. urte inguruko soinua ukelelearen hori zela; 80ko hamarkadan sintetizadoreak izan ziren moduan.  Hala ere, uste dut moda hori gutxinaka atzean uzten gabiltzala.

Letrei dagokienez, zer ibilbide egin duzue?
Urteekin, kanta idazle gisa konfiantza lortu dugu; lehen ez bezala, orain letrak luzatzen ausartzen gara, esaterako. Letrei dagokienez, gure intereseko gaiak modu dibertigarrian esatea izaten da gure helburua.

Zer egoeratan dago Kataluniako musika eszena?
Sekula ez dut oso argi eduki zer den eszena kataluniarra, egia esan. Beti egon dira musikariak eta taldeak. Egia da 2010. urte inguruan publiko zabal baten interesa lortu zutela katalanez diharduten hainbat taldek. Aldiak egoten dira horretan. Egun, Internetek asko errazten du gure musika Kataluniatik kanpo ere ezagutaraztea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!