Sukaldaritza begetarianoan murgildu dira hainbat lagun

Anboto 2014ko uzt. 9a, 13:17
Elorrixa talde ekologistak antolatuta, eta Iturrizoro elkartearen laguntzaz, sukaldaritza begetariano ikastaroan parte hartu dute dozena bat lagunek. Dezente gehiagok eman dute izena, baina leku mugagatik itxaron egin beharko dute. Lau astez batu dira Alkartu elkarte gastronomikoan, eta Patxi Marina izan dute maisu, Berrizko Pastor del Gorbea jatetxeko sukaldaria. Amantala jantzi, erremintak hartu, eta zentzumenak zabaldu dituzte.


Hasteko, entzun eta ikusi. Marinak astero produktu baten bueltan lan egitea proposatu die. Piperra da gaurko osagai nagusia. Batzuek egosi egingo dute, beste batzuek frijitu, xehatu... Besteetan, kipula, perretxikoa eta tomatea landu dituzte. Maisuaren aholkuei jarraitzen hasi dira. Nekane Bilbaori, esaterako, apunteak hartzea egokitu zaio, gero taldekideei pasatzeko. Beste batzuk argazki kameragaz edo mugikorragaz dabiltza, ikusten dutena artxibatzen. Marinak animatzen ditu teknologia erabiltzera.

Produktuak hartu, ukitu eta lanera. Ikasleak hasi dira piperra txikitzen edo zartaginak prestatzen. “Aguakatea platereratuko dugu?”, galdetu du ikasle batek. “Oraindik ez dugu aterako, bestela belztu egingo delako”, erantzun dio irakasleak. Josu Urizarbarrena gustura dabil ikastaroan: “Hemen oinarri batzuk hartu, eta gero etxean esperimentatzen dugu”. Lagunartean hobeto ikasten dela uste du. Marina ere pozik dago: “Jendea lan egiteko, praktikatzeko eta ikasteko gogoz dator”. Sukaldaritza goraldian dagoela dio, eta telebistak eragina daukala.

Uxue Altubek Agenda Bateratuaren bidez izan zuen ikastaroaren berri: “Aspalditik neukan sukaldaritza ikastaro bat egiteko gogoa, eta animatu egin nintzen. Gainera, begetarianoa pixka bat ezezagunagoa da”. Iturrizoroko presidente Jose Ramon Lazkanok ere parte hartu du, eta egindako kremak eta tartaletak interesgarri egin zaizkio.

Lana amaituta, piper usain gozoa dago Alkartun. Mahaian batu, eta dastatzera doaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!