"Jazz klub txikietan zein udako jaialdi jendetsuetan jotzen dugu; denetan gozatzen dugu"

Anboto 2014ko uzt. 3a, 18:00
Carmen Souza (Lisboa, 1981) kantariaren laukoteak zabalduko du barikuan, Musikaire. Cavo Verdeko musikaren eta inprobisazioaren nahasketa bat eskainiko du Lariz jauregian, 22:30ean.

 

Theo Pascal baxuagaz eta kontrabaxuagaz, Elias Kacomanolis baterian eta Ben Burrell pianoan izango dituzu laguntzen Elorrion, ezta?
Laurok joango gara Elorriora, bai. Azken aldian binaka jo dugu gehiago, eta oso interesgarria iruditzen zaigu taldeagaz ere esperimentatzea: ez duzu berdin jotzen formazio desberdinekin. Taldearen arabera oso desberdina da bakoitzak daukan espazioa, adibidez. Gauza asko aurkitzen dituzu.

Zer kanta joko duzue Elorrion?
Urteotako konposizioen erakusle den saioa eskainiko dugu Elorrion, Live at Lagny gure azken diskoan oinarriturikoa.

Uda sasoia bereziki lanpetua da zuretzat?
Bai, uda beti izaten da emanaldi askoko sasoia, eta han-hemen denetariko esperientziak bizi izaten ditugu musikari esker. Oso sasoi polita da, zuzenean jotzen dugunean esperimentatzen gabiltzalako. Hau da, gehien gustatzen zaigun lanean. Bizi osorako energia batzen dugu.

Non dituzue datozen asteetako emanaldiak?
Martinikan, Frantzian eta Suitzan joko dugu, esaterako.

Jende askoren aurrean kantatzera ohituta zaude, baina Elorrion giro ‘intimoagoagoan’ ariko zara. Denetan disfrutatzen duzu berdin?
Bai, jazz klub txikietan zein udako jaialdi jendetsuetan jotzen dugu. Denetan gozatzen dugu. Disfrutatzea da helburua.

Zer lan egiten eta non harrapatu zaitugu?
Londresen nago, Theo Pascal musikari eta produktoreagaz daukadan Pascal Souza izeneko proiektu berrian lan egiten. Azken urteetako gure ibilbide musikalean jorratu dugun esperimentazioan oinarrituriko lana izango da hori. Disko berria grabatuko dugu.

Zelakoa izango da Pascal Souza proiektua?
Nahiz eta ahotsak ere bere lekua izango duen, instrumentista legez dihardut, batez ere, proiektu horretan: pianista legez. Carmen Souza proiektuan egiten dugunagaz alderatuta, oso bestelakoa da hau; eta oso pozik nago, asko esperimentatzen dugulako. Theoren konposizioak dira egiten ditugunak, askotariko influentziak dauzkatenak: afroa, Afrika iparraldekoa, Cabo Verdekoa, Portugalgoa, jazza... Carmen Souza proiektuan ahotsa dago beti lehenengo planoan, honetan, aldiz, beste leku bat hartuko du ahotsak.


Cabo Verdeko kultura, Portugalgoa eta jazza uztartzen dituzue proiektu honetan ere?
Bai. Kultura lusofonoaren erakusle da, portugesez berba egiten duten herrialdeena: Cabo Verde, Brasil eta Afrika iparraldeko kulturena. Horien eraginak nabari dira.

Urte asko daramazue Pascalek eta biok elkarlanean?
Hamabi urte daramatzagu. Nik 17 urte nituela, bera izan zen musika egitera animatu ninduena. Portugalen bizi ginen, eta musika produktore lanetan zebilen bera. Hasieratik ibili gara elkarrekin, eta elkarrekin konposatzen dugu orain ere.


Musikaireko karteleko beste izenetako bat Antonio Zambujo portugaldarrarena da. Zer esan jendea Zambujo entzutera joatera bultzatzeko?
Portugalgo musikaren abeslari handia da Zambujo, Portugalgo musika munduan zehar daraman gure ordezkari handia. Entzun beharreko kontzertua!

Uztailaren 4an zeu entzutera doanak zer jasoko du?
Cabo Verdeko musikaren eta inprobisazioaren nahasketa bat. Eskaintzen dugun musika sentitzera eta gozatzera gonbidatzen dut jende guztia: Cabo Verden, Portugalen eta Ipar Ameriketan zehar, geugaz bidaiatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!