Musikaire eta beste hamaika osagai, Elorrioko udarako errezetan

Anboto 2014ko eka. 20a, 12:54
'Elorrioko Udak' egitaraua aurkeztu dute udaleko eta kultur esparruko ordezkariek. Musika, bisita gidatuak, abentura eta jaiak izango dira kultur eskaintzaren zutabe.

Ana Otadui alkateak eta Aitor Iriarte Musikaireko arduradunak eman dute programazioaren berri. Elorriarrek eta turistek uda sasoian kulturaz gozatzeko eta herria ezagutzeko eskaintza edukiko dute, eta errezeta horretan Musikaire izango da osagai nagusia. Hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta Iriartek azaldu duenez Euskal Herriko eta nazioarteko taldeen arteko oreka edukiko du. Estlioei dagokienez, programazioa zabala izango da: "Betiko lez eklektiko xamarra da", Iriarteren berbetan. Hasier Oleaga Quinteten jazza (uztailaren 5ean, 22:30ean, Larizen), Kepa Junkeraren folka (18an, 22:30ean, Tolan), Manel katalanen popa (19an, 22:30ean, Tolan), Elfenthalen opera-rocka (25ean, 22:30ean, plazan), Antonio Zambujoren fadoa (12an, 22:30ean, Tolan)... Musikaireri Carmen Souza Cabo Verdeko kantariak emango dio hasiera, hilaren 4an, Lariz jauregian. Dantza eta antzerkiak ere badute lekua, eta aipatzekoa da Tanttakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna (26an, 22:30ean, plazan), Mikel Laboaren lanean oinarritutakoa. Gainera, plazako horma batetik Elorrioko argazkilarien erakusketa bat eskegiko dute.

Aurten hildako Segun Lazkanok iazko erakusketa batean parte hartu zuen, eta Otaduik gogora ekarri gura izan du aurkezpenean, "oroimen sentitua" eginez. Alkateak azaldu du Elorrio "herri bizia, dinamikoa eta modernoa" dela, baina baita ohiturak zaintzen jakin duena ere. Udan bertan eskainiko dutenak turismoa indartzeko ere balioko du, Argiñetara edota Mendrakako mahastietara egingo diren bisitak horren adibide. Bestalde, uztailaren 4an Berrio Otxoa Eguna ospatuko dute elorriarrek, eta nobedade lez, trikitilari gazteen txapelketa ere jokatuko dute egun horretan bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!