Elorrioko futbol taldeak sasoi bateko izarrak omenduko ditu urteurrenean

Anboto 2014ko eka. 19a, 09:34
Elorrio futbol taldeak sortu zeneko 90. urteurrena ospatuko du zapatuan. Horretarako, Durangaldeko eta Elorrioko jokalari ohien arteko partidua antolatu dute. Ekitaldia sortu zenetik hona izandako jokalariak omentzeko ere baliatuko dute. Denen ordezkari lez, 50eko hamarkadako taldea aukeratu dute, eta, zehazki, 1953an Bigarren Mailako finala jokatu zuen taldea.


1923an sortu zen Elorrio futbol taldea, baina hurrengo urtean ofizialdu zuten. Harrezkero 90 urte joan dira. Bere historian une esanguratsu asko izan ditu, eta horietako bat 1953ko martxoaren 22ko finala izan zen. 50eko hamarkadaren lehen erdian talde “mitikoa” izan zen, egun horretako protagonista Josean Tabera klubeko presidenteak gogoratu duenez. Bigarren Mailako (gaur egungo Maila Gorena edo Ohorezko Maila) finala jokatu zuten Lutxanaren kontra, San Mames zelaian. Partidu gogor baten ostean, luzapenera heldu ziren, eta minutu horietan Lutxana gehiago izan zen (4-1). Elorriok jokalari bat gutxiagogaz amaitu zuen partidua, lesio baten ondorioz. Zoritxarrez, orduan aldaketa bakarra (atezaina) ahalbidetzen zuen araudiak.

Zapatuko omenaldi ekitaldia 16:40 inguruan hasiko da. Oraindik bizirik dauden sasoi hartako jokalariak batuko dira Eleizalden: Pedro Eriz, Jose Antonio Garcia, Gaizka Ugaldea eta Erminio Urizar. Iñaki Gallastegik eta Jose Kortabarriak ezin izango dute etorri. Dantzak eta aurreskua eskainiko dizkiete, eta ohorezko sakea egingo dute.Ondoren, 17:00etan, jokalari ohien arteko partidua hasiko da.  Partiduaren ostean jai giroak herrigunean jarraituko du; trikitalarien laguntzagaz denek batera egingo dute futbol zelaitik herrigunera arteko bidea.


Gaur egun Ohorezko Mailan
Elorriok gaur egun bizi duen kirol egoerak ez du sasoi batekoen batere inbidiarik. Ohorezko Mailan dabil, eta aurten mailari eustea lortu du, azken partiduetara arte sufritu beharra izan duen arren. Maila berean dabil Iurretako ere. Beraz, gaur egun, Durangaldeko bigarren talderik inportanteena da Elorrio Iurretakogaz batera, Hirugarren Mailan diharduen Durangoko Kulturalaren atzetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!