Udaleko gobernu taldeak aurten ez du aurreikusi dispertsaturik dauden presoen senideak diruz laguntzea. Egoera horren aurrean, sinadura bilketa egin du senideak batzen dituen Etxerat elkarteak. Alde batetik, dispertsioak irauten duen bitartean diru-laguntza hori mantentzea eskatu diote udalari, eta bestetik, sakabanaketaren kontrako jarrera aktiboa edukitzea. Batutako 1.420 sinadurak udaletxean entregatu dituzte, prentsaurrekoa eman ostean. Gaia hurrengo udalbatzarrean lantzea ere eskatu dute.
Senideek kontatu dute azken hamalau urteetan jaso dutela udalaren diru-laguntza, alderdi bat zein bestea egon agintean.“Ez du balio izan gastu guztiei aurre egiteko, baina oso lagungarria izan da”.
Dispertsioa duela 25 urte asmatu zutela gogoratu dute, eta urteotan, presoez gainera bisitan joan direnek ere jasan dutela: “Ondorioak larriak izan dira, ehundaka istripu eragin dituelako, baita hamasei heriotza ere”.
Hori guztiagatik, “salbuespenezko neurri” horren amaiera aldarrikatu dute, udalari eginiko eskaerekin batera.