“Pilota maite zuen Arroiabek”

Anboto 2014ko mai. 9a, 13:53
Paco Fernandez de Arroiabe joan zen eguenean hil zen 69 zituela. Pilotagilea izan da bere bizitzako zatirik handienean. Baina bere ezagun eta lagunek argi dute pilotarekin zuen hartuemana ofizioagatik baino afizioagatik zela: “Pilota maite zuen”.

 

Joan zen zapatu arratsaldean Elorrioko basilika lepo bete zen Paco Fernandez de Arroiaberi azken agurra emateko: pilotariak, pilota eskoletako ordezkariak, federazioetako ordezkariak… Oro har, pilota mundua Elorrion batu zen, esku pilota barru-barrutik ezagutu eta bizi izan duen elorriarrari gero arte esateko.

Roberto Garcia Ariño eta Bizkaiko Pilota Federazioko presidente Jose Manuel Fuentes hiletan izan ziren. Garcia Ariñok aspalditik ezagutzen zuen Arroiabe; laguna zuen eta afizionatuetan beragaz jokatutakoa da: “Eskuma dotorea zuen eta oso langilea zen. Sasoiko pilotari klasikoa”. Pertsona “zentzuduna eta eraman erraza zen, edozertan laguntzeko beti jarrera positiboa zuena”. Bere bizitza hiru zutarrik gidatzen zutela uste du: “Etxekoak, Elorrio eta pilota. Pilota maite zuen. Afizionatu mailako makina bat txapelketarako pilotak egin zituen eta txapelketei jarraipena egiten zien. Pertsona maitatua izan da eta pilota munduak beti gogoratuko du. Ikusi besterik ez dago pilota munduko zenbat jende etorri zen hiletara, askotariko jendea gainera ”.

Jose Manuel Fuentesek orain 25 urte ezagutu zuen Arroiabe, orduko federazioako zuzendaritza batzordean lanean ziharduela. Gaur egun Federazioak antolatutako txapelketetako piloten %90 inguru Arroiabek egindakoak izan direla dio: “Frontoi denetan aurkitu zitekeen, pilotaren egituran sartuta zegoen zelanbait esanda. Ez zen mugatzen pilotak egin eta bidaltzera, ez, materialak zelan funtzionatzen zuen bertatik bertara ikustea gustatzen zitzaion. Pilotariak ikustea ere bai. Txapelketa denetara joaten zen, batez final erdi eta finaletan. Pilota maite zuen”. Federaziora ere sarritan joaten omen zen proposamenak egitera: “Gaur egungo zuzendaritza kideak hiletan egon ginen, baina esango nuke azken 25 urteetan federazioan egon diren zuzendaritza denak ordazkatuta zeudela. Horrek erakusten du zer pisu zuen pilotaren munduan”.

Horrez gainera, bere izaera xaloa azpimarratu gura izan du: “Pertsona eramanerraza zen, eztabaidetan sartzen ez zena, baina beti edozertan laguntzeko prest zegoena. Faltan botako dugu, baina ez pilotagile lez, pertsona lez baino, bere izaeragatik”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!