Berdintasun teknikari postua lehiaketara atera du udalak

Anboto 2014ko mar. 13a, 12:00
Elorrioko Udalak Berdintasun teknikaria behar du, eta berori kontratatzeko oposizio bidezko lehiaketa egingo dute. Postu hori betetzen duenak Berdintasun Saileko plangintzak diseinatuko ditu, eta jarraipena egingo die. Gainera, udaleko beste politiketan ere genero ikuspegia txertatzea izango da bere ardura.

 

Herrian sortu ahal diren bereizketa arazoen aurrean lan egingo du. Kasu horiek identifikatu eta konpondu ahal izateko neurriak proposatzea eskatuko diote Berdintasun teknikariari. Arlo horretan ohikoak izaten dira formazio saioak, eta horiek antolatzeko ardura emango diote. Baldintzak www.elorrio.net webgunean eskegi dituzte.

Sinadura bilketa

Berdintasun teknikariaren lanpostuaz eztabaida egon izan da legegintzaldi honetan. Hasieran, EAJko gobernu taldeak adierazi zuen Amankomunazgoagaz kudeatu gura zuela zerbitzu hori. Baina Bildu ez zegoen ados, eta Txoko Feminista ere ez. Eragile horrek 600 sinadura batu zituen, teknikariaren postua berma zedila eskatzeko, eta iazko ekainean mozioa aurkeztu zuten. Udalbatzak aho batez onartu zuen proposamena. Ondorioz, postu hori egonkortzea erabaki zuten.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!