Argiñeta aztertzeko hirugarren fasean boluntarioek parte hartu ahalko dute

Anboto 2014ko mar. 13a, 10:00
Argiñetan lanak egingo dituzte herritarren laguntzagaz.
Maiatzetik ekainera egingo da Argiñetako azterketaren hirugarren fasea

Argiñetako nekropolia aztertzeko prozesua aurten amaituko dute. Maiatzetik ekainera bitartean garatuko da ikerketaren hirugarren eta azkeneko fasea, eta lan horietan herritarrek parte hartu ahalko dute Arkeologi Museoko taldeagaz batera. Horregatik, boluntarioak batzeko deia egin dute arduradunek. "Aurtengo kanpainan boluntarioei parte hartzeko aukera emango zaie, indusketek herritarrengan sortu duten interesari bide berri bat emateagatik". 

Maiatzaren 5etik ekainaren 20ra bitartean egongo dira beharrean Argiñetan. Aste bakoitzeko, gehienez, bost boluntario hartuko dituzte. Eta parte hartzeko gutxieneko epea astebetekoa izango dela esan dute. Udaletxeko erregistroan eman behar dute izena interesdunek, apirila amaitu baino lehen.

2012an hasi zen azterketa arkeologikoa, Elorrioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako akordio bati eskerrak. Bertan topatutakoak, mendetan atzera, han zelan bizi ziren ikusteko balio du. Hainbat motatako hilobiak dauzkan kanposantu bat azaleratu dute, eta zurezko zutoinak zeuzkaten etxeen arrastoak topatu dituzte. VIII. eta XI. mendeen artean kokatu dituzte eraikuntza horiek. Baina, eremuan hainbat material ere agertu da; tartean, VI. mendean datatu duten beirazko ontzi bat.  

Argiñetaren balioa nabarmendu izan dute adituek eta erakundeek. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, interes kulturaleko ondasun izendatu du. Martxan dagoen egitasmoaren helburua  Argiñeta berreskuratzea da. 2015erako atontzea, eta informazioa emateko prestatzea da indusketen arduradunen asmoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!