Dantzazale gazteen erakustaldia Elorrioko Akadantz lehiaketan

Anboto 2014ko ots. 1a, 09:00
Elorrioko Arriola antzokia kaleko dantzen erakusleiho bilakatuko da, gaur, 18:00etan hasita; seigarren aldiz antolatu dute Akadantz lehiaketa

Iaz bezala ekingo diote Akadantz lehiaketari, aurrez sarrera guztiak salduta, baina seigarren edizio honetan iaz baino parte-hartzaile gutxiagorekin. Elorriko Arriola antzokian da hitzordua, gaur. Iaz 26 taldek eman zuten izena. Aurreko urteekin alderatuta, parte-hartzaile kopurua bereziki hazi zen iaz: 2012an baino hamar talde gehiago aritu ziren 2013ko lehiaketaren edizioan. 

Euskal Herriko eta Kantabriako dantzariek eman dute parte hartzeko izena, aurten, gazte eta amateurrei zuzenduriko lehiaketa honetan; tartean, Durangoko talde batek.

Gaur, 18:00etatik aurrera izango da erakustaldia, eta gaur egungo dantzen hiru modalitatetan jardungo dira dantzariak: dantza esperimental, kaleko dantza eta breakdance arloan emango du bakoitzak bere onena. Bi kategoriatan ariko dira: batetik, 15 urte artekoak eta, bestetik, 16tik gorakoak. 

Gehienez ere, hiru minutuko ikuskizuna eskainiko du talde bakoitzak, eta emanaldiaren originaltasuna, sormena eta dantzarien trebezia hartuko du kontuan dantzariz osaturiko epaimahaiak sariak banatzerako orduan.

Azken urteetan bezala, giro beroa espero dute Akadantz lehiaketan. Martxoaren 29an Bilbao Arenan izango den Break On Stage jaialdiaren beroketan.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!